Monika Masa: “Pozik gaude San Lazaron bisitak berreskuratzeko, baina tentuz jokatu behar dugu”

Barren.eus 2020ko eka. 5a, 07:51

Ekainaren 8tik aurrera zaharren egoitzetan senideen bisitak jasotzeko baimena eman du Eusko Jaurlaritzak, baina ez dira lehen ezagutzen genituen moduko bisitak izango. Koronabirusaren eraginez, babes neurri zorrotzak hartu beharko dituzte bisitariek, birusa oraindik ere gure artean dagoelako. Bisitak egiteko hitzordua hartu beharko da, eta hasieran behintzat senide bakarra joan ahal izango da, eta beti senide berbera. Sarreran tenperatura hartuko diote, eta maskara eraman beharko du. San Lazaro egoitzari buruz hitz egin digu Monika Masa zuzendariak.

 

 

 • Martxoaren 14an ezarri zuten alarma egoera, eta zaharren egoitzak ere itxi egin zituzten. Nola hartu zenuten berria?
Denetik sentitu genuen, baina gehien bat gure “etxea” ondo zaintzeko indarrak hartu behar genituela konturatu ginen. Azken batean, hemengo pertsona guztiak gure zaintzapean daude eta beraiek lasai eta goxo egotea zen une hartan ere gure erronka nagusia.

 • Nola hartu zuten egoiliarrek bisitarik ez edukitzea?
Urduritasunez. Bat-batean eta egun batetik bestera senitartekoak ezin ikusteak, beraiekin kontaktu fisikorik ez izateak, eta kalera ezin irteteak, emozionalki eragin handia sortzen du. Baina arazorik gabe ulertu zuten egoera oso delikatua zela, egoitzan barruan geratu behar zutela eta bazekiten egin genituen aldaketa guztiak beraien zaintza bermatzeko zela. Izugarrizko lekzioa eman digute egoiliarrek eta egoera berria primeran onartu dute. Egoera zail honetan erakutsi dugu San Lazaroko pertsona guztiok familia txiki bat osatzen dugula eta edozein egoeratan egoiliarrei barre txiki bat ateratzeko gai garela konturatu gara. Guztion elkarlanarekin lortu dugu egoiliarrak ondo egotea.

 • Bideo-deiak jarri zenituzten martxan. Nola moldatu zarete senideekin komunikatzeko?
Argi geneukan nolabait komunikazioa egon behar zela senideekin. Ezin ditugu bat-batean senideengandik eta mundutik baztertu, eta geunden egoeran egin genezakeen gauza bakarra bideodeiak, dei telefonikoak eta bideoak bidaltzea zen. Astero-astero familia guztiekin kontaktua izatea zen gure betebehar nagusietako bat, eta nahiko ondo moldatu gara. Ez dugu zailtasunik eduki. 48 egoiliar eta haien senideen artean ahalik eta dei gehien egin nahi genituen, senideak lasai egon zitezen. Bideo-deiez gain astero etxekoei beren senideen berri ematen joan gara eta senideek momentu oro lasaitasuna trasmititu digute, guregan konfidantza guztia dutela erakutsiz. Horrek aurrera jarraitzeko indarrak eman dizkigu.

 • Zein izan da egoera San Lazaro egoitzan? Egoiliar eta langile guztiei egin zizkieten testak. Zein emaitza jaso zenituzten?

Behin bisitak ezinezkoak zirela ulertuta, gure kezka nagusia birusa egoitzan ez sartzea izan zen, eta aldi berean egoiliarrei arreta ahalik eta onena ematen jarraitzea. Bisitei ateak itxita, birusa kanpoan mantentzea gure ardurapean geratzen zen eta horrek errespetua ematen zigun. Zalantzak genituen eta uneoro gure artean komentatzen genuen gauzak ondo egiten ari ote ginen. Neurri guztiak betetzen saiatzen ginen, baina inoiz ezin da jakin uneren batean konturagu gabe akatsen bat egin duzun edo ez. Gure lana ahalik eta hoberen egiteko helburuarekin, babes neurrien eta norberaren babeserako ekipamenduen erabilerari buruzko formakuntzak jaso ditugu eta simulazioak ere egin ditugu. Horrez gain, langile eta egoiliar guztiei koronabirusaren testa egiteak lasaitasun handia eman zigun, eta jasotako emaitzak erakutsi zigun langileok lan ona egiten ari ginela. Lanean geunden langile eta egoiliar guztiek momentu hartan negatibo eman genuen testean, eta emaitza horrek erakusten zuen gure lana ondo egiten ari ginela. Hala ere, bagenekien ezin ginela erlaxatu. Momentu hartan negatibo emateak ez zuen esan nahi birusa ezin zitekeenik egoitzan sartu, eta argi genuen inoiz baino arduratsuago jokatu behar genuela.

 • Nola moldatu zarete egoera honetan lan egiteko?

Ez genuen sekula pentsatuko honelako egoera batean lan egitea tokatuko zitzaigunik. Gure egoitzak ez daude prestatuta horrelako egoerei erantzuteko, baina lehen esan dudan bezala, elkarlananean egin diogu aurre egoerari. Esan beharra dago goxotasun puntu hori ere beti eman diogula gure etxeari.

 • Ekainaren 8tik aurrera berriz hasiko zarete senideen bisitak hartzen. Nola hartu duzue berria?
Egoitza bezala pozik gaude bisitak berreskuratzeko aukera honekin, baina badakigu tentuz jokatu behar dugula. Kontrol zorrotza ezarriko dugu, baina gure barruak esaten digu egoiliarrak poztu egingo direla berriz bisitak izanda. Azken hilabeteetako momenturik garrantzitsuena izango da beraientzat bisitak jasotzea, eta ahal dugun guztia egingo dugu lehenengo bisitaren momentu hori berezia eta polita izan dadin.

 • Zein izango da bisiten protokoloa? Zein babes neurri hartu beharko dituzte bisitan doazenek?
Babes neurriak hartu beharko dituzte eta astean bisita bakarra izango da momentuz, protokoloak eskatzen duen bezala. Babes neurrien artean, distantzia zaindu beharko da, segurtasun materialak erabiliko ditugu, eskuak sarri garbitu eta tenperatura kontrolatuko zaie bisitariei.

 • Kezkatzen al zaitu egoitzako atea berriz zabaltzeak?
Kezkatzen gaitu, bai, atea zabaltzeak, baina bisitena ere egoiliarren zaintzaren erronkaren zati bat da. Guk egoiliarrentzako onena nahi dugu eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hori lortzeko. San Lazaro toki goxoa izaten jarraitzea da gure helburua. Esan beharra daukat langileen laguntza ezinbestekoa izan dela larrialdi egoera honetan, eta beraiei esker lortu ditugula emaitza hauek guztiak. Azpeitiko eta Elgoibarko eguneko zentroetako langileen laguntza handia izan dugu, eta pertsona guztien ahalegina eta lankidetza oso garrantzitsuak izan dira une zail hauetan aurrera jarraitu ahal izateko. Denboraldi honetan zehar gu izan gara egoiliarren familia hein batean. Beraien ondoan egon gara, egoera hau ahalik eta errazena izan zedin beraientzat. Uneoro behar zuten goxotasuna eman diegu. Egoiliarrentzat egoera zaila izan den bezala, guretzat erronka izugarria izan da. Asko ikasi dugu egoera honetan, eta indartu egin gaituela uste dut. Elkarrizketa bukatu aurretik baimena ematen badidazue eskerrak eman nahi nituzke: eskerrak langile guztiei, egoiliarrei, senideei, Udalari, herritarrei, enpresei… era batera edo bestera denek lagundu digutelako, eta benetan eskertzen diegula adierazi nahi dut. Mila esker guztioi.