Berriro grebara jo dute zahar etxeetako beharginek, eta kalera protestan irten dira Elgoibarren

Barren.eus 2020ko urr. 6a, 19:39

Gipuzkoako zahar-egoitzetako beharginek, tartean Elgoibarko San Lazaro egoitzakoek, bertan behera laga zuten 242 eguneko greba, joan den martxoaren 13an, pandemiak erantzukizunez jokatzea eskatzen ziela ondorioztatuta. Orain, grebari berriz ekitea erabaki dute.

Duela bi urte baino gehiago hasitako grebari berriro ekitea erabaki dute ELA eta LAB sindikatuek, langileen baldintzak eta erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzua hobetuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde, eta momentuz egun baterako greba deialdia egin dute bi sindikatuok, nork bere aldetik. Gaur egin dute greba hori, baina beharginek ez dute lanuzterik egin, Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu-minimoak tarteko. Jaurlaritzak greba eskubidea "urratu" duela salatu dute sindikatuek, "%100eko gutxieneko zerbitzuak jarri dituelako".

Gaurko greba egunaren harira, ELAk salatu du Gipuzkoako zahar etxeetako langileak "pandemiaren aurretik baino baldintza okerragoetan" ari direla orain lanean eta ohartarazi dute pandemiaren lehen olatua jasan eta gero, langileak "fisikoki, psikologikoki eta emozionalki lehertuta" daudela. Horrez gain, ELAk salatu du "enpresen eta foru aldundiaren mespretxua eta kudeaketa negargarria pairatzen" ari direla.

Gaurko greba deitu duen beste sindikatuak, LABek, nabarmendu du adinekoentzako "arreta eredu berri bat sortzeko beharra" dagoela, "ereduaren erdigunean adinekoak jar daitezen, eta ez enpresa kudeatzaileen negozioa.

Sektoreko langile askok manifestazioa egin dute goizean Donostian eta Elgoibarren elkarretaratzea egin dute San Lazaro egoitza kanpoan 19:00etan.

2020 10 06 greba sanlazaro protesta elgoibar barren

2020 10 06 greba sanlazaro protesta elgoibar barren 1

2020 10 06 greba sanlazaro protesta elgoibar barren orok

∞Lotura duten albisteak: