Umeei eta jubilatuei eskainitako egunarekin amaitu dira 2022ko sanbartolomeak

Barren.eus 2022ko abu. 28a, 21:54

Hasten denak amaitzea zor du, eta jaiekin ere halaxe gertatzen da. Gaztetxoenei eta zaharrenei eskainitako eguna izan da sanbartolome jaietako seigarrena; eta, aurtengoz azkena.

 Sokamuturra jendetsuarekin hasi da jaietako azken eguna. Arnoren zezenek eta bigantxek nahikoa lan izan dute kaleetan batutako dozenaka lagunei izkin egiten. Gaur ez dute txorizorik eta saldarik banatu aurreko bi sokamuturren ostean moduan, baina Atabal Danborrada Elkartekoek Hegaluze parrillada prestatu dute Kalebarren plazan, eta sagardoarekin batera saldu dituzte razioak.  

 • Mulu Kinfe etiopiarra azkarrena Etxaniz Memorialean
Aurtengo sanbartolomeetan 75 urte bete dituen kirol proba jokatu dute goizean: Etxaniz Memoriala txirrindularitza laskerketa. Berrikuntzak eta aldaketak izan ditu aurtengo probak. Hasteko, ez da ohi bezala San Bartolome Bezpera Egunean jokatu. Izan ere, abuztuaren 23an Espainiako Txirrindulari Itzulia Gipuzkoan zehar ibili zen da, eta ertzainek ezin zuten bermatu egun berean Etxaniz Memorialeko segurtasuna. Hori dela-eta, lasterketa egunez aldatzeko eskatu zieten Gure Bide elkarteko arduradunei. Beti jaien bueltan egiten denez proba hau, egunez aldatu arren, sanbartolomeetan egitea zuten helburu, eta abuztuaren 28rako ezarri zuten egutegian. Bernardo Ezenarro kaletik irten dira txirrindulariak, 9:00etan. Alegia, sokamuturra hasita zegoela. Hori dela-eta, segurtasuna bermatzeko irteera
neutralizatua egin dute Eulogio Estarta auzo ingurura arte. Txirrindulari eta antolakuntzako kide guztiak N-634 errepidera ailegatu direnean hasi dute ofizialki lasterketa. 130 kilometroko ibilbidea osatu dute eta Mulu Kinfe Hailemichael (Caja Rural-Alea) txirrindulari etiopiarra izan da helmugara ailegatzen azkarrena. Hori bai, zehaztu behar da bi taldekiderekin eskutik helduta gurutzatu duela helmuga marra etiopiarrak, Abel Balderstone eta Pablo Garciarekin batera, hain zuzen ere. Izan ere, Caja Rural-Alea taldeak goitik behera menderatu du Etxaniz Memorialaren 75. ekitaldia. Taldekako sailkapena ere eurek irabazi dute. Garaipen honekin orain arte zuen lidertza sendotu du Kinfek Lehendakari Txapelketan, proba horretarako puntuagarria baitzen Elgoibarko proba.

 Probaren laburpen bideoa txirrindulariak.com-ekoek youtuben duen kanalean ikus daiteke.

Sari banaketa berezia izan da 75. urteurren honetan, eta horretarako bi gonbidatu berezi ekarri dituzte Elgoibarrera: Abraham Olano txirrindulari ohia eta Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetaria. Olano (Anoeta, 1970) 11 urterekin hasi zen txirrindularitzan, eta 1992an debutatu zuen profesionaletan. 95ean hiru etapa garaipen lortu zituen Espainiako Itzulian, eta urte berean Errepideko Munduko Txapelduna izan zen. 98an Espainiako Itzulia irabazi zuen. Horrez gain Italiako Giroan podiumera igotzea ere lortu zuen hainbat ediziotan, eta 2002an hartu zuen erretiroa.
Arritxu Iribarrek Etxaniz Memorialaren garrantzia eta erreferentzialtasuna azpimarratu ditu sari banaketa ekitaldian. 2015etik hona proba irabazi duten txirrindulariak profesional izatera heldu direla gogora ekarri. "Dena esanda dago horrekin", esan du. "Gaur hirugarren egin duen Abel Balderstone kataluniarra Frantzian profesionalekin korritzetik dator, eta sinatuta du kontratua profesionaletara igarotzeko. Bigarren egin duen Pablo Garcia, berriz, Madrilgo Itzulian azken etapa irabaztetik dator.
Imanol Alvarez ere saritu dute sari banaketa ekitaldian, lehen elgoibartarra izateagatik (ikus podiumean).

Umeek ere izan dute zezentxoekin eta poniekin ibiltzeko aukera goiz partean, eta haurrentzako entzierroan ere ume mordoak hartu du parte. Gero, marrazki lehiaketan hartu dute parte hainbatek. "Sanbartolomeak" zen aurtengo gaia. Elizako arkupeetan egin dituzte maraziak eta bazkaldu ere bai bakoitzak eramandako ogitartekoa. Marrazki lehiaketako sari banaketa Maalan egin dute gero, eta sari banaketaren ostean hasi da kantu Kolore taldearen dantzaldia. 

Jubilatuak Olaizagan elkartu dira bazkaltzeko. Azkenengo aldirtan baino lagun gutxiago batu direla azaldu dute antolatzaileek. "200 bat lagunen bueltan ibiltzen ginen lehen eta 110 bat lagun etorri dira bazkaltzera aurtengoan. Edadeko jende askok elkartzeari beldurra diotela uste dugu", esan dute. Basajaun musika taldeak girotu du bazkalostea. 

85. Dantza Solte Txapelketa izan da jaietako egitarako azken ekitaldia. Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak gailendu dira Haritz Euskal Dantzari Taldeak Udal Txistulari Taldearen eta trikitilarien laguntzarekin antolatutako lehiaketan. Bigarren eta hirugarren sariak dantzari azpeitiarrek eskuratu dituzte. Laura Bastida eta Ekain Uzkudun sailkatu dira bigarren postuan eta Nora Aizpuru eta Iker Zabala hirugarrengoan.

 

2022 08 28 jubilatu ume eguna etxaniz memoriala podium abraham olano BARREN

2022 08 28 ume jubilatu sanbartolomeak elgoibar dantza BARREN

2022 08 28 ume jubilatu sanbartolomeak elgoibar atun apprillada BARREN

2022 08 28 ume jubilatu sanbartolomeak marrazki lehiakta sarituak BARREN

2022 08 28 sokamuturra sanbartolome 3 hesian Kalebarren elgoibar BARREN

2022 08 28 sokamuturra sanbartolome 3 BARREN

∞Lotura duten albisteak: