Aurtengo sanbartolomeak "inoizko parte-hartzaileenak eta jendetsuenak" izan direla nabarmendu du Udalak

Barren.eus 2022ko ira. 22a, 11:48

Elgoibarko Udalak aurtengo San Bartolome jaien balorazio "oso positiboa" egin du. Arduradunek esan dutenez, "inoizko jairik parte-hartzaileenak eta jendetsuenak" izan dira aurtengoak.

Zazpi egunez jai-giroa nagusitu dela esan dute, eta nabarmendu dute ez dela azpimarratzeko moduko gertakari negatiborik izan. "Oro har giro ona, errespetua, bizikidetza ona, harmonia eta tolerantzia nagusitu dira. Ez da istilu, ez ezbehar larririk jazo. Uda honetan Euskal Herriko herri ugaritan emandako emakumeen aurkako ziztadarik ere ez da egon". Esku-hartze gehienak honakoekin erlazionatutakoak izan dira: zauriturik gabeko istripuak (1), poltsak eta telefono lapurretak (11 guztira), kalte eta galtze desberdinengatik jarritako salaketak (2), galdutako gauzak (11), gazte lokaletan izandako zaraten kontrako kexak (2), kaleko istiluak eta errieta txikiak (8), kexak musika eta zaratagatik (7) eta sokamuturrak eragindako kalteak (3). Bestela, jendea jaietarako gogoz ibili dela nabarmendu dute Udaletik, eta ekintzetan jende asko ibili dela, Elgoibarkoak zein inguruko herrietatik etorritakoak.

Elgoibarko Udalak eta Lila Emakumeen Etxeak festak emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe gozatzeko gune bihurtzeko konpromiso partekatua berretsi zuten eta herriko ostalarien laguntzarekin, Jaietan ere, Indarkeria Matxistari EZ! kanpaina abiatu zuten, jaiak berdintasunean eta eraso matxistarik gabe igarotzeko. Era berean, aurten, estreinakoz, gaueko taxi zerbitzua eskaini dute, doan, herri barruko bidaientzako. Arduradunen esanetan 211 herritarrek erabili dute, eta horietako %75 30 urtetik beherakoak izan dira, eta %63, emakumezkoak. Orokorrean, Berdintasun Sailak jaien balorazio ona egin du. Udaltzaingotik eta Gizarte Zerbitzuetatik jakinarazi dutenez ez da indarkeria matxista kasurik salatu aurtengo jaietan eta ez da arretarako protokolorik martxan jarri udal mailan. Hala ere, zehaztu dute horrek ez duela esan nahi indarkeria kasurik egon ez denik, baizik eta salaketarik ez dela izan, eta horregatik dei egin diete herritarrei indarkeria matxistaren existentziaz jabetzera eta erantzukizunez jokatzera.
 • Alkohol eta drogen erabileraren prebentzio programak
Udalak alkohol eta bestelako drogen erabileraren prebentzio programak ere jarri zituen martxan jaietan. Abuztuaren 23an eta 26an drogen inguruko informazio eta testing postuak jarri zituzten: 23ko gauean, 255 pertsonari eman zieten informazioa, eta gazteen egunean, 251ri. Alkoholimetriari dagokionez orotara 119 parte hartzaile izan ziren (80 gizon eta 39 emakume). Era berean, abuztuaren 23an, Ai Laket! Elkarteko kideak gazteek botiltzarra egiten ohi duten tokietara hurbildu ziren prebentzio, kontzientziazio, eta alkohol kontsumoaren aukerak sustatzeko aholkuak eskaintzera. Guztira, 12 eta 30 urte bitarteko 453 pertsonarengana hurbildu ziren.

 • Sokamuturra gertakari larririk gabe
Jaietan egin ziren hiru sokamuturretan ez zela gertakari larririk izan adierazi dute Udaletik. Gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzako Joko eta Espektakuluen Zuzendaritzak segurtasun neurrien ikuskapena egiten dutela urtero sokamuturra ekitaldi osoan, eta "kritikoak" diren bi gai jarri dituzte mahai gainean berriro: itxituren segurtasuna eta 16 urte beherako adinekoen kontrola. "Horregatik, aurten baliabide gehiago jarri dira segurtasuna eta zaintza hobetzeko asmoz, hau da, udaltzain, laguntzaile eta antolatzaile gehiagok parte hartu dute, eta ondorioz, adin txikikoen sarrera kontrola hobeto identifikatu da, eta baita, ekitaldian bertan debekatuta dauden zenbait portaera desegokien detekzioa ere hobetu da".

 • Parte hartze "handia" haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jardueretan
Haurrei, nerabeei eta gazteei zuzendutako jarduerak "arrakastatsuak" izan direla esan dute udal arduradunek, eta parte hartze handia eta "anitza" eduki dutela. Abuztuaren 22an iaz jaiotako 96 haurreri ongi etorria egin zieten. Udaleko Gazteria Sailak nabarmendu du aurten Goitibehera eta Drift Trike jeitsieraren antolaketan gazteek izan duten inplikazioa, ekarpenak egiten eta berrikuntzak txertatzen. "Inoiz baino elgoibartar gehiagok hartu zuen parte, 11 parte hartzailek goitibeheretan eta 15 parte hartzaile drift triketan, eta herritarrentzako sariak irabazteaz gain, kategoria orokorreko lehen postuak lortu zituzten". Sarietan 2.400 euro banatu zituzten.
Umeen egunean, abuztuaren 28an, egin zuten Marrazki Lehiaketan 220 haurrek parte hartu zuten eta bazkaltzera gehiago animatu ziren. Lau kategoriatan banatuta, hamasei sari banatu zituzten, parte hartu zuten haur guztiek jaso zuten oparitxoaz gain.

 • Ikusle ugari kirol hitzorduetan
Kirolaren atalean, aurten, bi urteko etenaren ostean, normaltasunez ospatu dira kirol hitzordu ugari. Abuztuaren 24an profesionalen pilota jaialdia egin zuten: Ezkurdia-Rezusta eta irribarria-Zabaleta. Harmailetan 300 ikusle batu ziren, harmailen hiru laurden betez.
Abuztuaren 26an jokatu zuten bigarren pilota jaialdia, gauez: Jaka-Albisu eta Laso-Aranguren. "Arrakastatsua izan zen oso. Azken hau telebistaz eskaini zen ere ETB-1en".
Abuztuaren 28an Euskal Koparen finalerdia jokatu zuten Eibar eta Alaveseko emakumezkoen futbol taldeek. Egun berean ospatu zen Memorial Etxaniz txirrindulari lasterketa 184 txirrindularirekin.

∞Lotura duten albisteak: