Txirristaka Urtea kultur programaren barruan argitaratu du Mendaroko Udalak Txirristaka liburua, herritar talde batekin eta In Leike kultur elkartearekin hasitako elkarlanaren ondotik. Andoni Egaña bertsolariak idatzi du eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak ilustratu, eta areto bete jenderen aurrean aurkeztu zuten atzo, Mendaroko udaletxeko udalbatza-aretoan. Antolatzaile taldeko Idoia Narbaizak egin zituen atariko aurkezpenak, eta bi egileek hartu zuten hitza gero, nork bere zatia azaltzeko. Andoni Egañak kantuan egin zuen bere partea, Kubako repentistek nola, segidillan. Itsu jantzita agertu zen Egaña jendaurrera. Hemen Euskal Herrian ez hainbeste, baina Gaztelan eta munduko beste zenbait tokitan duela 200 urte ilustrazioak eta istorioak azaltzeko erabiltzen zuten modua erabili zuen Egañak liburua aurkezteko. Izan ere, hemen, Euskal Herrian, bertsolariek bertso-paperen bidez egiten zutena, munduko beste parte batzuetan itsuek egiten zuten, itsu-makilarekin lagunduta. Eta halaxe jantzita ekin zion Egañak bertsotan Eusebio Mugertza nor izan zen azaltzen. Gozatu zuen publikoak eta txalo zaparrada handi batekin erantzun zion bukaeran.
Liburua salgai dago dagoeneko, 15 euroan. Elgoibarren Pitxintxu liburu eta opari dendan eskuratu daiteke eta Mendaron Morroskillo estankoan, baina eskualdeko beste zenbait tokitan ere badago eskuragarri. Momentuan, honako leku hauetan dago: Ermuko Xiripot liburu dendan, Soraluzeko Iratxo gozotegian eta Eibarko Iraolagoitia liburu dendan.
'Egunean Behin' jokoan, aipamena
Atzo, aurkezpen egunean, Code Syntaxek sortutako Egunean Behin tribial jokoan ere aipatu zuten liburua, aktualitateari buruzko galderetan. Honela zioen galderak: "Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urtemugako ekintzen barruan aurkeztuko da gaur Andoni Egañak eta Ainara Azpiazuk argitaratu duten Txirristaka liburua. Nongotarra zen Eusebio Mugertza?"
Lotura duten albisteak: