In Leike kultur elkarteak, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak antolatutako kultur programaren barruan, Txirristakak bertsolaritzari egindako ekarpena gogoratu zuten Mendaron barikuan. Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak aritu ziren kantuan. Txirristakaren bertso-sortak kantatzen eta bat-bateko lanean jardun ziren bi bertsolariak, txandaka. Azpilgoetan hasi zuten saio-ibiltaria. Gabardina, txapela, eta bertso-paperez betetako maletatxoa hartuta agertu zen Andoni Egaña, Txirristakaren paperean. Maletatik bertso-sortak atera, entzuleei banatu eta maletara bertara igota jardun zen Egaña, bere sasoian Txirristakak egin ohi zuen modura, baina ezberdintasun batekin: bertso-paperak saldu ordez, banatu egin zituela. Txirristakak bere buruari jarritako Konfesio jenerala bertso-sorta kantatu zuen Egañak, eta ondoren, bat-bateko lanari ekin zioten Gaztelumendik eta biek.
Gaur egundik erantzun zien Gaztelumendik Egañak kantatutako Txirristakaren bertsoei, eta ariketa polita osatu zuten bien artean. Azpilgoetatik Herriko Enparantzara egin zuten gero, eta han, Gaztelumendik bete zuen ordura arte Egañak betetako papera. Aterperik aterpe ibili ziren bertsolariak, eta arazoren bat edo beste ere izan zuten uneren batean mikrofonoekin, baina ez eguraldiak eta ezta soinu-arazoek ere ez zuten saioa zapuztu eta entzule ugari bildu zituzten. Herriko Enparantzatik Mendarozabalerantz egin zuten gero, eta iluntzeko saio bereziena Txirristaka tabernan osatu zuten bertsolariek. Angel Loiartek eta Juanjo Loiolak duela 41 urte zabaldu zuten taberna eta Mendarok izan zuen bertsolari ezagunenaren izena eman zioten negozioari. Hain justu ere, horixe gai hartuta aritu ziren bi bertsolariak, umoretik, eta gogotik gozatu zuten entzuleek.
Arg.: Ion Urbieta eta BARREN.