In Leike kultur elkarteak, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatu duten Txirristakaren omenezko kultur programaren baitan Txirristaka Saria bertsopaper lehiaketa berreskuratu dute, eta atzo, barikua, egin zuten sari banaketa ekitaldia. Antolakuntza taldeko kide Idoia Narbaiza Gantxegik egin zituen aurkezpen-lanak. Hark azaldu zuen hiru kategoriatan banatu zutela lehiaketa, baina kategorietako batean, B kategorian (2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoenean) ez dutela lanik jaso, eta beraz, banatu gabe laga behar izan dituztela sariak. C kategorian, kategoria nagusian, 2005ean edo lehenago jaiotako Euskal Herriko bertsozaleek parte har zezaketen, eta guztira, hamalau lan aurkeztu dituzte. Lan horietatik Iruri Altzerreka Martinezen bertso-sorta aukeratu zuen epaimahaiak onenentzat. 1.000 euroko saria eta garaikurra eskuratu zituen Altzerrekak. Epaimahaikoek teknikoki "oso bertso onak" zirela zehaztu zuten, "neurri estuan, oso beteak". Bigarren saria, berriz, Oier Etxeberria Zubimendi azpeitiarrak jaso zuen. Haren bertso-sortaz "abiapuntu originaletik sortutako irudia" nabarmendu zuten epaimahaikideek. Etxeberriak 500 euroko saria eta garaikurra jaso zituen.
A kategorian, 2010ean edo ondoren jaiotako Debabarreneko bertsozaleek izan dute parte hartzeko aukera, eta guztira, 74 lan aurkeztu dituzte. Horietako 58 herriko bertako gazteenak izan dira, eta antolatzaileen izenean, Narbaizak eskerrak eman zizkien herriko eskolako irakasle eta arduradunei haurrak lehiaketan parte hartzera animatzeagatik. Aurkeztutako lan guztien artetik, Luken Zulaika Argoitia mendaroarraren lana saritu zuen epaimahaiak. Zulaikak 100 euroko kultur-bonoa eta garaikurra jaso zituen. Bigarren saria Axular Larrañaga Gonzalezentzat izan zen. Larrañagak 50 euroko kultur-bonoa eta garaikurra eskuratu zituen. Saritutako bertsolariek beren bertso-sortako bi-hiru bertso kantatu zituzten sari banaketa ekitaldian.
Arg.: Ion Urbieta eta BARREN