Gizonezkoetan lehia estua eduki zuten herriko bi antxitxikarik, Hasier Muruak eta Iñigo Larizek. Muruak 19 segundoko aldea atera zion proba bost alditan irabazitakoa den Larizi -2018koa da Larizen azken garaipena-. Sasoi betean dago Murua, duela hilabete Idotorbeko txirrindularitza igoera estreinakoz irabazi zuenean erakutsi zuen moduan. Idotorbeko Igoera irabazi berritan, mahai gainean eta denen bistara jarri zituen bere asmoak, Karakateko Igoera prestatzen ari zela aitortu baitzuen txapela buruan zuela BARRENi eginiko adierazpenetan. Karakaten lortutako garaipenarekin, Muruak nabarmen ondu du orain arte zuen sailkapenik onena; iaz lortu zuen zortzigarren postua.
Bistan da muruarrek ondo ezagutzen duten mendia dela Karakate, Hasierren lehengusua den Iban Muruak hiru alditan irabazi baitu Morkaiko mendi taldeak antolatzean duen igoera, eta errekorra ere ezarri zuen 2017ko igoeran. Hasierrek probaren amaieran aitortu zuenez, lehengusuak ibilbidearen azken zatian eman zizkion animoak funtsezkoak izan ziren garaipena lortzeko bidean, indarrez hustuta zegoen arren, azken bultzada emateko kemena eman ziotelako, bere berbetan.
Emakumezkoetan Irati Ortiz de Anda lezamarra gailendu zen, bere lehen parte hartzea zuen arren. Proba eta paraje berriak ezagutzeko gogoz etorri zirela azaldu zuen iraupen luzeagoko trail lasterketetan aritzen den mendi lasterkari bizkaitarrak, eta ez du damurik hartutako erabakiaz. Pozik zegoen hemen topatu duen giro herrikoiarekin eta baita mendi gaineko ikuspegiarekin ere. Beheko bideoan dituzue Muruaren eta Ortiz de Andaren adierazpenak, sari banaketa ekitaldikoekin batera.
Omenaldia erronkariei
Morkaiko mendi taldekoek Karakateko bideak bergiak itxita egiteko gai diren bi medizale omendu zituen sari banaketa hasi aurrekoan: Jose Luis Diez "Txelu" eta Iban Fernandez. Biek egin dituzte erronka pertsonalak Karakate mendian. Txeluk Karakatera 101 igoera egin zituen jarraian, urte hasieran. Fernandezen erronka, berriz, honakoa da: Karakatera 365 alditan igotzea aurten. 300dik gora igoera daramatza dagoeneko eta hiru egin zituen atzo, horietako hirugarrena Karakateko Igoerako dortsala jantzita, 51 minutuan osatu zuen igoera hori.