Karakatera jarraian egingo duen 101. igoera herritarrekin egin nahi du Txeluk

Barren 2025ko api. 8a, 16:47

Urte hasieratik egunero igo eta jaitsi da Karakatera Jose Luis Diez 'Txelu'.

Jose Luis Diez "Txelu"k barikuan amaituko du urte hasieran abiatu zuen erronka pertsonala: Karakate mendira egunero igo eta jaistea.

Urteko lehen astean egunero Karakatera igotzeko erronka jarri zion Txeluk bere buruari, entrenamendu modura, eta astea egin zuenean hilabete osora luzatzea erabaki zuen. Hilabetea osatutakoan, baina, pena eman zion erronka bertan behera lagatzeak eta otsail bukaerara arte jarraitu zuen eguneroko ohitura bihurtu zuenarekin; eta, martxo bukaerara ere ailegatu zen gero. 

Orain, baina, mendi lasterketen denboraldi betean sartuta dagoela, erronkari amaiera ematea erabaki du. Eta, zenbaki borobil batekin itxi nahi du erronka. Ehungarren joan-etorria egingo du Karakatera eguen honetan, apirilaren 10ean, eta CATT Morkaiko taldeko kidekin batera egingo du. 18:30ean abiatuko dira Kalegoen plazatik. Ez da, baina, azken igoera izango, biharamuneko 101. igoera herriko mendizaleekin egin nahi du eta parte hartzera animatu ditu. Barikuan izango da. 18:30etik irtengo dira Kalegoen plazatik. 

"Ultra distantziako lasterketen munduan gabiltzanok ohituta daude hiru zifrako zenbakietara, eta 101a zenbaki polita eta borobila iruditu zait erronkari amaiera emateko. Beste norbaitek igo nahi badu Karakatera 100 aldiz, ba beste behin ere igo beharko du nire erronka berdintzeko", azaldu du Txeluk irrifar batekin. Laneko oporrak hasiko ditu barikuan, eta erronkari amaiera emateko unea zela erabaki du. "Bilatu gabe egingo ditut 101 joan-etorriak Karakatera, eta bukatutzat emateko egunik ere ez neukan zehaztuta. Astebeterakoa zena hilabetekoa bihurtu zen, bi hilabetekoa gero eta 90 egunak ere osatu nituen, baina hortik aurrerakoak zailak izan dira, iaztik izena emanda nengoen 60 kilometroko ultra lasterketa batekin eta lanarekin uztartu behar izan ditudalako eguneroko igoerak. Karakatera egin nuen 95. igoeran egin nuen Enkanterri Xtrem lasterketa, Karakatera bost joan-etorri halakoa izan zena. Zoratzekoa izan da azken astea. 130 kilometro egin ditut, 8.800 metroko desnibel positiboarekin". 

Gorputzarentzat erronka gogorra izaten ari den arren, ohituta dago iraupen luzeko probetara eta ez etsitzeko motorra burua izan dela dio. 

Erronka zenbakietan

  • 890 kilometro
  • 71.000 metro desnibel positiboa
  • 71.000 metro desnibel negatiboa
  • 148 ordu
  • Batez-beste ordu bat eta 28 minutu igoera/jaitsiera bakoitzeko