Emakumezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketaren jokatu dute asteburuan Argamasilla de Alba (Ciudad Real, Espainia) herrian. 35 ehiztari lehiatu ziren Espainiako Ehiza Federazioak antolatzen duen txapelketaren 12. edizioan, eta azkenera arte ez zen argitu irabazlea. Emozioz beteriko amaiera eduki zuen txapelketak. Euskadiko federazioa ordezkatu zuen Egañak eper bat eta zortzi untxi aurkeztu zituen azken kontrol puntuan, 2.550 puntu eskuratuz. Ehiza eta puntu kopuru bera lortu zuen Extremadurako ordezkari Maria Fernandez Ortizek, baina Mintxetako ehiztariak bost minutu lehenago aurkeztu zuen ehiza epaileen aurrean. Horrexek eman zion garaipena. Ikus txapelketako sailkapena eta irudiak.
Egañak estreinakoz irabazi du Ehiza Xeheko Espainiako Txapelketa. Txapeldunorde izan zen birritan, 2018an eta 2019an, eta bederatzigarren postuan sailkatu zen iazkoan eta aurreko urtean. Laugarren postu bat ere lortu zuen 2022ko txapelketan. 2024an Espainiako Oilagor Ehiza Txapelketako estreinako titulua ere lortu zuen ehiztari elgoibartarrak.
Arkaitz Egaña, Euskadiko txapeldun
Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa jokatu zuten, zapatuan, Arabako Zanbrana herrian, eta astebete lehenago ehiza barruti berean jokatu zuten Gipuzkoako txapelketan moduan, Arkaitz Egaña gailendu zen, 10 eper eta galeper bat ehizatuta (5.360 puntu). Alde handia atera zion bigarren postua eskuratu zuen Ibai Diaz Zabalo ehiztariari. Diezek zazpi eper eta bi galeper ehizatu zituen, 3.707 puntu batuz. Mikel Torne bizkaitarrak lortu zuen hirugarren postua, 3.405 punturekin.
Garaipen honi esker, Espainiako Txapelketako finalerdia jokatzeko sailkatu da Egaña. Azaroaren 21ean eta 22an jokatuko dute, non jokatuko duten zehazteke dagoen arren oraindik.