Euskadiko txapelketa irabazi ostean, Espainiakoan lehiatu zen Leire Egaña, joan den domekan, urriaren 16an. Egañarekin batera, Ainhoa Toledo izan zen Euskadiko Ehiza Federazioaren ordezkaria, eta 24 ehiztari aritu ziren lehian 3.500 metro koadroko ehiza barrutian. Fini Soriano ehiztari murtziarrak jaso zuen puntu gehien, 1.800, bost untxi eta eper bat ehizatzeagatik, eta bera da Espainiako txapeldun berria. Extremadurako ordezkari Maria Fernandez sailkatu zen bigarren, bi eper eta untxi bat ehizatuta, 1.350 puntu batu zituen. Gaztela-mantxako Lola Abellanek egin zuen hirugarren, bost untxi ehizatuta (1.250 puntu). Leire Egañak gertu izan zuen hirugarren postua, lau untxi ehizatu baitzituen, baina iaz gertatu zitzaion moduan podiumera igotzeko atarian gelditu zen, gazi-gozoa den laugarren postuan. "Beste behin ere gertu izan dut podiuma, baina hala ere, pozik dago eduki nuen parte hartzearekin. Bero handia egin zigun eta baldintza gogorrak eduki genituen ehizan aritzeko, bai ehiztariok eta baita txakurrek ere". Mintxetako ehiztaria birritan izan da txapeldunorde Espainiako Txapelketan (2018koan eta 2019koan), eta zazpigarren egin zuen iaz Campo de Criptana (Ciudad Real, Espainia) jokatutako txapelketan.
∞Lotura duten albisteak:
- Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketa: Leire Egaña txapeldun emakumezkoetan, eta Mauro Gonzalez txapeldunorde beteranoetan (2022-10-10)
- Leire Egañak zazpigarren egin zuen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan (2021-10-19)
- Leire Egaña txapeldunorde Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan, bigarren urtez jarraian (2019-12-09)
- Leire Egaña txapeldunorde Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan (2018-12-10)