Lurraldeko ehiztari onenak elkartu ziren domekan Zanbranan, Gipuzkoako txapelketa lehiatzeko. Azken bi urteetan moduan, Arkaitz Egañaren burura joan zen senior gizonezkoen mailako txapela. 28 ehiztari aritu zire lehian, tartean La Union elkarteko bi ordezkari: Iraitz Txurruka eta Arkaitz Egaña. Azken honek lortu zuen ehiza handiena: zazpi eper, bi faisai eta bi galeper. Guztira 4.707 puntu batu zituen ehizaldiko irabazleak. Hernaniko Txantxangorri elkarteko Asier Arrizabalaga sailkatu zen bigarren postuan, bederatzi eper ehizatuta: 4.509 puntu. Zumaiako Anade elkarteko ehiztari Luis Mari Garciak osatu zuen podiuma, 2.705 punturekin, bost eper eta bi galeper ehizatzeagatik. Iraitz Txurruka 19. postuan sailkatu zen.
Zortzigarren txapela Leire Egañarentzat
Emakumezkoetan bost ehiztari lehiatu ziren eta espezialitateko dominatzailea den Leire Egañak eskuratu zuen titulua, berriro ere. Zortzigarren Gipuzkoako txapela du honakoa. Oraingoan eper bat eta galeper bat ehizatuta eskuratu zuen lehen postua, 601 punturekin. Urnietako Santa Krutz elkarteko ordezkaria, Ederne Sarasola, izan zen txapeldunordea 500 punturekin; eta, Otsabio elkarteko ordezkari Elene Tolosa sailkatu zen hirugarren postuan.
Jose Mari Egañak ere hartu zuen parte txapelketan, Debabarrenekoa irabazi eta gero. Gipuzkoakoan zortzigarren postua lortu zuen. Sastraka elkarteko Salvador Azurmendi gailendu zen kategoria horretan lehiatu ziren hamazortzi ehiztarien artean.
Euskadiko txapelketa, domekan
Gipuzkoako txapelketako lehen sei sailkatuek Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketarako sailkatzea lortu dute. Emakumezkoetan lehen lau sailkatuak joango dira Euskadiko txapelketara. Domekan, urriaren 11n, jokatuko dute Zanbranan.
Lotura duten albisteak:
- Egaña aita-alabak gailendu dira Debabarreneko Ehiza Xehe Txapelketan (2025-09-23)
- Leire eta Arkaitz Egaña Gipuzkoako txapeldun, bigarren urtez jarraian (2024-10-08)
- Arkaitz eta Leire Egaña ehiztariak, Gipuzkoako txapeldun (2023-10-02)