Extremadurako Puebla de Alcocer (Badajoz, Espainia) herrian jokatu zuten, zapatuan, emakumezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketaren 11. edizioa. Guztira 36 ehiztari lehiatu ziren eta Mar Bastard ehiztari valentziarrak irabazi zuen txapelketa Delta txakurrarekin batera. Bi eper ehizatuta 1.100 puntu batu zituen Valentziako ordezkariak. Murtziako ordezkari Fini Soriano eta Zeus txakurra izan ziren txapeldunordeak, hauek ere bi eper ehizatuta eta irabazleen puntu kopuru berdina batuta, baina Sorianok Mar Bastardek baino bi minutu beranduago aurkeztu zuen ehizatutakoa kontrol postuan, eta denbora tarte horrek erabaki zuen irabazlea. Etxean lehiatu zen Ana Maria Verdasco Extremadurako ehiztariarentzat eta Milka txakurrarentzat izan zen hirugarren postua.
Leire Egañak 360 puntu batu zituen erbi bat ehizatuta, eta bederatzigarren postuan sailkatu zen, aurreko urtean lortu zuen emaitza berbera, hain justu ere.
Arkaitz Egaña Euskadiko txapelketako podiumean
Gipuzkoako Ehiza Xehe Txapelketa irabazi zuen Arkaitz Egañak aurreko asteburuan, eta joan den domekan Euskadiko txapelketan hartu du parte. Zanbranako “El Castillo” ehiza barrutian jokatu zuten txapelketa eta Mikel Torne Rodriguez ehiztari bizkaitarra gailendu zen, bederatzi eper, faisai bat eta hiru galeper ehizatuta, 5.309 puntu guztira. Asier Ansa Arrizabalaga gipuzkoarra sailkatu zen bigarrewn postuan, bederatzi eper ehizatuta (4.509 puntu) eta La Union elkarteko ordezkari Arkaitz Egaña Bastidarentzat izan zen hirugarren lekua zazpi eper, faisai bat eta galeper bat ehizatuta (4.357 puntu).