Lorpen horren parte sentitzen direla adierazi dute kroseko arduradunek, eta Elgoibarrera ekartzen dituzten atleten "handitasunaren" erakusgarri dela.
Chebet kenyarrak jarraian irabazi ditu Mugertza krosaren azken bi edizioak, 2024koa eta 2025ekoa. Atletismoan dagoen izarrik handienetakoa da egun, Mugertza krosaren aurkezpenean esan zuten moduan, eta hala dela diotenei arrazoiak ematen jarraitzen du atleta kenyarrak. Munduko kros txapelketak irabazteaz gainera, urrezko bi domina irabazi zituen Parisko Olinpiar Jokoetan, 5.000 eta 10.000 metrotako lasterketak irabazita. Hamar kilometroko proban bera izan zen 29 minututik behera korrika egin zuen historiako lehen emakumea. Iaz ondu zuen errekorra Eugenen (Oregon, AEB) eta leku berean ondu du orain bost kilometroko probako munduko errekorra ere, 13:58.06ko denborarekin. Hamalau minutuko langatik jaisteko gai izan den historiako lehen emakumea da. Diamond League zirkuituko proba jokatu zuten Eugene hirian zapatuan.