Chebet eta Aregawi izan dira azkarrenak Mugertza krosean, bigarren urtez jarraian

Barren 2025ko urt. 5a, 15:10

Iaz moduan, Berihu Aregawi etiopiarrak irabazi du 81. Mugertza krosa giozonezkoetan. BARREN

Iaz Elgoibarren hasi zuen garaipen handien sorta borobildu du Beatrice Chebetek bigarrengoz jarraian Elgoibarren irabazita. Eta beste horrenbeste esan daiteke Berihu Aregawiz, honek ere bigarrengoz jantzi baitu Mugertza kroseko irabazlearen txapela. Kenyarrak zein etiopiarrak ez diote aukerarik eman aurkariei. 

Mintxeta Atletismo Taldekoek nazioartean puntaren puntan dabiltzan kros lasterkariak ekarri dituzte aurten ere Elgoibarrera. Gainera, emakumeen zein gizonen lasterketa nagusietako iazko irabazleak itzultzea lortu dute; lorpen handia bere horretan, baina are handiagoa kontutan hartuz gero, iaz ere bazuten izar estatusa baino handiagoarekin itzuli direla Beatrice Chebet (Kenya, 2000) zein Berihu Aregawi (Etiopia, 2001) Mugertza krosera. Batak zein besteak lehendik distiratsua zen ibilbidea garaipen garrantzitsuz jantzi zuten 2024an. 

Beatrice Chebeten erakustaldia

Chebet kenyarra Munduko Kros Txapelketa eta Parisko Olinpiar Jokoetan urrezko bi domina irabazita itzuli da, eta Mintxetako zirkuituan ere erakutsi du 5.000 eta 10.000 metroko lasterketetan zein krosean egun ez duela parekorik. Mintxetako atletismo pistari egin dioten lehen itzulia tropelean egin du, baina itzulia osatu eta igerileku guneko belarra zapaldu eta bat hartu du lehen postua; eta, helmugaraino eutsi dio. Nahieran irabazi du. Bigarren posturako borrokak emozio handiagoa izan du, esprintean erabaki baitute Melknat Wudu etiopiarrak eta Francine Niyomukunzi burundiarrak. Wudurentzat izan da bigarren postua eta Niyomukunzirentzat hirugarrengoa. 

Aregawi eta Kwizera indasrtsuenak gizonezkoetan

Senior gizonezkoen lasterketa irabazteko faborito nagusia zen Berihu Aregawi etiopiarra, eta pronostikoak bete ditu, bigarren urtez jarrian Mugertza krosa irabazita. Lasai hasi du proba, korrikalarien tropelean ezkutatuta, baina erritmoa bizitzea erabaki duenean bakarrik gelditu da lasterketa buuan. Aurten lau kros irabazitakoa (Atapuerca, Soria eta Alcobendas) den Rodrigue Kwizera bakarrik izan da gai Aregawiren erritmoari eusteko, baina etiopiarak beti izan du hamar bat metro atzera burundiarra. Aregawi txapeldunorde izan zen iaz Serbian jokatutako Munduko Kros Txapelketan zein Parisko Olinpiar Jokoetan (2017ko Mugertza kroseko irabazle Joshua Cheptegeik irabazi zuen urrea), eta Diamond League proba irabazi zuen. Vallecaseko San Silvestre proba entzutetsua irabaztetik ailegatu da Elgoibarrera. 

Erlazionatuak