Beatrice Chebet txapeldun olinpikoa izango da 81. Mugertza kroseko izar nagusia, baina ez bakarra

Barren 2025ko urt. 2a, 16:29

Beatrice Chebet, Berihu Aregawi eta Melknat Wudu Kalegoen plazan. BARREN

Amaitu berri den 2024. urtea aparta izan zen Beatrice Chebet (Kenya, 2000) atletarentzat,...eta dena Elgoibarren hasi zen, aurtengo krosa aurkezteko gaur egin duten ekitaldian aitortu duen moduan.

Chebetek nagusitasunez irabazi zuen Mugertza krosaren 80. ekitaldia, duela urtebete, eta Mintxetako aldapak sasoian jartzeko ezin egokiagoak direla esan du gaur, domekan jokatuko duten krosa aurkezteko udaletxean egin duten agerraldian. Elgoibarkoa kros denboraldiko zirkuitu gogorrena dela esan du, gorabehera askokoa dela-eta, eta horregatik dela sasoian jartzeko onena. "Iaz Elgoibarrera etorri eta krosa irabazi nuen, eta gero munduko txapeldun izan nintzen martxoan Serbian jokatutako Munduko Kros Txapelketan", gogora ekarri du batak bestean izan zuen eragina azpimarratuz. Ekitaldia aurkeztu duen Jon Gurrutxagak domekan podiumean ikusiko al dugun galdetu dio eta baietz erantzun dio Chebetek, zalantza izpirik gabe. 

 

Elgoibarren irabaztea eta munduko txapeldun izatea gutxi ez eta udan borobildu zuen urtea Chebetek, Parisko Olinpiar Jokoetan. Bat ez, urrrezko bi domina irabazi zituen, 5.000 eta 10.000 metrotako lasterketak irabazita. Diamond League proba prestigiotsua ere irabazi zuen 2024an. Sekulako urteari urteko azken egunean jarri zion pastelaren ginda, 5 kilometroko munduko errekorra onduz, Bartzelonan jokatu zuten Cursa dels Nassos proban. Berea zen errekorra 19 segundoan ondu zuen kenyarrak, marka berria 13:54an utziz. 24 urteko atleta afrikarra, distantzia horretan hamalau minutuko langatik jaisteko gai izan den historiako lehen emakumea da. Hortaz, harritzeko moduko palmaresaz gainera, Chebet sasoi betean ailegatu da Elgoibarrera. 10 kilometroko distantzian ere iaz ondu zuen munduko errekorra, maiatzean Eugene-en (Oregoi, AEB) jokatu zuten Prefontaine Classic lasterkertan. 29 minututik jaitsi den lehen emakumea da, 28:54.14ko denborarekin.

"Momentuko atleta handiena Elgoibarren daukagu"

Aipatutako lorpen guztiengatik, Beatrice Chebet egungo atletarik garrantzitsuena dela esan du kroseko zuzendari Zigor Diezek. "Bera da menperatzaile nagusia, erregina, jainkoa... ez dakit ze berba erabili bera dela nazioartean dagoen atletarik ikaragarriena adierazteko. Bera hemen gurekin egotea luxu handi bat da. Mundu osoan ez dago bere mailatik gorako inor ekar genezakeenik. Momentuko atleta handiena Elgoibarren daukagu. Horixe da lau haizetara zabaldu nahi dugun mezua, gurekin dugula Beatrice Chebet, munduko atleta onena eta etor zaiteztela denok halako aukeraz gozatzera, historian behin edo bitan bakarrik suertatzen direlako horrelako aukerak". Mintxeta Atletismo taldeko presidenteak gaineratu duenez, ahalegin handia egin dute bi aldeek, bai Chebetek erta bai kroseko antolatzaileek, Chebet berriro Elgoibarrera ekartzeko. 

Chebetek Melknat Wudu (Etiopia, 2005) eta Francine Niyomukunzi (Burundi, 1999) izango ditu aurkari nagusietakoak domekan. Wudu munduko txapeldunordea da 5.000 metrotan, 20 urtez azpikoetan. Hasiberria den atleta izanagatik lasterketak irabazten ari dela azpimarratu du Diezek Wuduz, eta etorkizunean zeresana emango duela uste du. "Ziur hemendik urte batzutara, goi mailako lasterketak irabazten ikusten dugunean, Elgoibarren lehiatu zela gogora ekarriko dugula, beste hainbat atleta gazterekin pasa izan zaigun moduan". Era berean, Niyomukunzi Zornotzako krosa irabaztetik dator. Krosean espezializatuta dago, seigarrena da munduko sailkapenean eta Zornotzako krosa irabazteaz gainera, bigarren egin zuen Soriakoan eta hirugarren Atapuercan.

Antolatzaileak, babesleak eta atletak 81. Mugertza Krosaren aurkezpenean.

Aregawiren eta Kwizeraren arteko lehia, bigarrengoz

Iazko bi irabazleek errepikatuko dute aurten Mugertza krosean, Chebetek emakumezkoetan eta Berihu Aregawik (Etiopia, 2001) gizonezkoetan. "Estrainekoz gertatu da hau, nik dakidala. Lorpen izugarria da guretzat", adierazu du Diezek. Gizonezkoen proba nagusian gainera, iazkoaren errebantxa ikusteko aukera izango da, irabazlea eta txapeldunordea izango baitira irteera marran, Aregawi eta Rodrigue Kwizera (Burundi, 1999). Aregawi txapeldunorde izan zen Serbian jokatutako Munduko Kros Txapelketan zein Parisko Olinpiar Jokoetan (2017ko Mugertza kroseko irabazle Joshua Cheptegeik irabazi zuen urrea), eta Diamond League proba irabazi zuen. Vallecaseko San Silvestre proba entzutetsua irabaztetik ailegatu berri da Aregawi Elgoibarrera, sasoi betean. Aurkezpenean izan da gaur. Kwizerak gauzak estu jarriko dizkiola uste dute kroseko antolatzaileek, besteak beste, kros denboraldi honetan lau lasterketa irabazi dituelako: Zornotza, Atapuerca, Soria eta Alcobendas. "Ikusiko dugu Aregawi eta Kwizeraren arteko iazko duelua errepikatzen den, indarrez parean daudela uste baitugu". Samuel Firewu (Etiopia, 1995) da proba irabazteko beste faboritoetako bat. Atleta oso gaztea izan arren, seigarren postuan sailkatu zen Parisko Olinpiar Jokoetan, oztopoen 3.000 metroko proban. Hori bai, estreinakoz arituko da kros batean. 

Ikuskizuna "ziurtatuta"

Ikuskizuna egoteko osagai guztiak dituztela uste dute antolatzaileek. "Txapeldun olinpikoa, mundukoa, Diamond Leagueko bi txapeldun, errekorren jabeak... hamar herrialdetako partaideak. Elgoibar, Gipuzkoa eta Euskadi Mugertza krosari begirik kendu gabe egoteko osagai guztiak mahai gainean jarri ditugula uste dugu. Ziurtatuta dago ikuskizuna. Denbora asko eman dugu aurtengo krosa antolatzen eta ahalik eta ikusle gehien Mintxetara joatea gustatuko litzaiguke, giro beroa egon dadin". Mugertza krosa herritarrek herriarentzat eginiko lan eskergaren emaitza dela esan dute aurkezpenean, Euskal herrian dugun atletismo lehiaketarik garrantzitsuenetarikoa, urtero urtero mundu mailan puntan dauden atletak biltzen dituena. Horren erakusgarri da beste urte batez World Athletics federakuntzak kros onenei ematen dien World Cross-Country Gold kategoria izango duela.

Partaidetza errekorra jubenilen eta juniorren lasterketetan

Krosaren 81. edizioan 900 bat atleta arituko dira lehian adin tarte desberdinetako hamabi lasterketetan, 09:30etik aurrera.
Jubenil eta junior mailetako lasterketetan ahalegin berezia egiten ari direla azaldu dute antolatzaileek. "Gero eta ahalegin handiagoa egiten dihardugu etorkizunean izar bilakatu daitezkeen atleta horiek gure krosetik igaro daitezen. Aurten egin dugun lan handiari esker jubeniletan eta juniorretan partaidetza errekorra hautsi dugu berriro ere. Espainiako txapelketetan bakarrik egongo da partaidetza handiagoa. Juniorretan azken Europako txapelketan izan diren hainbat atletak eta Espainiako, Ingalaterrako, Frantziako eta Belgikako atletak izango ditugu, besteak beste". Mamo Wolde Gipuzkoa Sariaren 22. ekitaldia izango da aurtengoa.
Jubeniletan ere, hau da 18 urtzez azpiko kategorian, ahalegin berezia egin dutela azaldu dute eta lasterketa oso lehiatuak izatea espero dute. "Euskadiko, Nafarroako, Kantabriako eta Kataluniako federazioekin ditugun hitzarmenei esker ziurtatuta dago goi mailako atleta gazteen partaidetza". (ikus hemen aurkezpen-ekitaldia osorik bideoan)