"Balorazio oso positiboa egiten dugu inoiz gure ekitaldian parte hartu duten atletek lortutako emaitzen inguruan", esan dute. Mugertza krosean parte hartutakoak diren sei lagunek irabazi zuten urrea Parisen, eta zilarrezko eta brontzezko domina bat ere bai. Honakoek:
Domina Atleta Froga Mugertza krosean
Urrea Beatrice Chebet (Kenya) 10.000m Irabazlea 2024an eta 2.postua (2020 eta 2022)
Urrea Beatrice Chebet (Kenya) 5.000m Irabazlea 2024an eta 2.postua (2020 eta 2022)
Urrea Soufianee El Bakkali (Maroko) 3.000m oztop. 3. postua 2024an
Urrea Joshua Cheptegei (Uganda) 10.000m Irabazlea 2017an eta 3. postua 2015an
Urrea Winfred Mutile Yavi (Barhein) 3.000m oztop. 3. postua 2023an
Urrea Tamirat Tola (Ethiopia) Maratoia Txapeldunordea 2016an
Zilarra Berihu Aregawi (Ethiopia) 10.000m Irabazlea 2024an
Brontzea Hellen Obiri (Kenya) Maratoia Irabazlea 2019an eta 2020an
29 urrezko domina Olinpiar Joko guztietan
Mintxeta Atletismo Taldetik jakitera eman dutenez, Mugertza krosen batean lehiatu izan diren 31 gizonek eta 22 emakumek hartu zuten parte Parisko Olinpiar Jokoetako atletismoko probetan. Jokatu diren Olinpiar Joko guztiak kontuan hartuz gero, 66 domina irabazi izan dituzte noizbait Lerungo edota Mintxetako ibilbideetan lehiatu diren antxitxikariek: urrezko 29 domina, zilarrezko 18 eta brontzezko 19 domina. "Emaitzok ikusita, bistan da Mugertza krosaren bedeinkazioa jasotzea ezinbestekoa dela Olinpiar Jokoetan domina bat eskuratzeko", diote kroseko antolatzaileek. Urtarrilero atletismoko izar handiak bertatik bertara ikusteko aukera izatea "luxu" handia dela gogora ekarri dute, eta horretarako hurrengo zita 2025eko urtarrilaren 5a izango da.
Mariano Haro zendu zen uztailean
Joan den udan denak ere ez dira berri onak izan, Mugertza krosa bost alditan irabazitako Mariano Haro hil baitzen uztailaren 27an, 84 urte zituela. Bere garaiko atletarik esanguratsuena izan zen Palentzian jaiotako saltakaria. Erakustaldi handiak eman zituen Mugertza krosean, Lerungo zirkuituan, eta bost alditan iorabazi zuen proba: 1971, 1973, 1976, 1977 eta 1978. urtetan). Mugertza krosaren iraganak eta orainak bat egin zuten 2018an, krosaren 75. urteurrena ospatzeko Galan, eta han izan zen Mariano Haro ere (beheko argazkian), gainerako kroseko izen handiekin batera.