Neguko eguraldiarekin jokatu dute Mugertza krosaren 80. ekitaldia. Hotza eta tarteka euria egin du Mintxetan. Gaztetxoak lehiatu diren lehen lasterketetan ateri eutsi dio, jubenil mailako gizonezkoak irten behar zirenean kaskabar ekaitz laburra bota duen arte. Euri gehien emakumezkoen lasterketa nagusian eta gizonezkoenean bota du. Alderantziz izan da lokatzarekin. Lehen lasterketetan belar gainean egin dute antxitxika igerileku inguruan, baina lasterketak eta lasterkariak zirkuitutik pasa ahala ugaritu da lokatza, eta saltaka egitea zaildu duen arren ikusgarriagoa ere egin du krosa. Eguraldiari eta zirkuituko baldintzei dagokionez, antz handia eduki dute azken hiru urteetako krosek, 2023koan eta 2022koan ere euria eta lokatza izan baitziren nahi beste.
• Chebet, hirugarrengoan aidanez
Emakumezkoen lasterketa nagusian bi alditan txapeldunorde izanaren arantza atera nahi zuen Beatrice Chebet munduko kros txapeldunak, 2020an eta 2022an bigarren postuan sailkatu baitzen Mugertza krosean. Chebetek irteera marratik irten orduko hartu du tropelaren burua, baina lasterketa osoan bi itzal izan ditu atzetik, Edinah Jebitok eta Grace Loibach herrikideak, atleta garaiak biak, Chebet txikiarekin alderatuta. Jebitokek 2022ko Mugertza krosa irabazi zuen eta garaipena errepikatu nahi zuen gaur, eta estu hartu du Chebet bukaerara arte. Azken esprintean bakarrik laga du atzean Chebetek Jebitok. Irabazleak 26 minutu eta 8 segundoan osatu ditu ibilbidearen 7.621 metroak, Jebitokek baino bi segundo gutxiago eta Loibachek baino 17 gutxiago. Hiru atleta keniarrek osatu dute podiuma, eta laugarren postutik seigarrenera Ingalaterrako selekzioko hiru saltakari sailkatu dira: Niamh Brown, Sarah Astin eta Lauren Hall, hurrenez hurren; baina hirugarren sailkatutik minutu eta erdira helmugaratu dira. Euskal saltakariei dagokionez, Jone Zabaleta azkoitiarra (12. postua), Onditz Iturbe (13) eta Miren Martin (14) izan dira onenak.
• Aregawi indartsuena gizonezkoetan
Gizonezkoen lasterketan Soufiane El Bakkali marokoarra zen izar handiena, txapeldun olinpikoa eta birritan munduko txapelduna izana baita 3.000 metro oztopoetako lasterketan. Krosean, baina, Berihu Aregawik (Etiopia, 2001) ditu emaitzarik onenak, etiopiarra txapeldunorde izan baitzen 2023ko Munduko Kros Txapelketan, Australian. Horrez gain, Tokikoko Olinpiar Jokoetan laugarren egin zuen 10.000 metrokoan, Mugertza krosak duen antzerako distantzian. Senior gizonezkoen mailan 9.707 metro ditu ibilbideak. Adel Mechaalek egin du tira faboritoen multzoan lehen itzulietan eta faboritoek bakarrik eutsi diote ezarri duen erritmo biziari. Proba irabazteko faboritoen artean, Aregawi moldatu da hobekien Mintxetako ibilbide gorabeheratsura eta zenbait gunetan pilatu den zoru lokaztura, eta 30 minutu eta 34 segundoan irabazi du lasterketa, iaz lasterketa irabazi zuen Selemon Barega herrikideari lekukoa hartuz. Rodrigue Kwizera (Burundi, 1999) sailkatu da bigarren postuan, irabazlearengandik 5 segundura eta Soufiane El Bakkalik (Maroko, 1996) gurutzatu du helmuga marra hirugarren postuan (30:41). Ishmael Kipkurui sailkatu da hirugarren postuan eta Adel Mechaal laugarrengoan. Atletico San Sebastian taldeko Unai Arroyo izan da lehen atleta euskalduna; 17. postuan sailkatu da. Ander Ortiz izan da bigarren euskalduna (22. postua) eta Joseba Diaz hirugarrena (24. postua)
• Hannah Enkels eta Mesfin Escamilla azkarrenak Mamo Wolde sarian
Mugertza krosak 199. urtetik antolatzen du Mamo Wolde Saria, 20 urtez azpiko saltakarientzat. Aurten, Belgikako selekzioko saltakari Hannah Enkels izan da azkarrena emakumezkoetan. Enkelsek 17 sergundoko aldea atera zion Marwa El Khouyari eta 24 segundokoa Belgikako selekzioan taldekide duen Astrid Van Breedam-i. Gizonezkoetan Cuenca atletismo taldeko Mesfin Escamilla Saiz izan da irabazlea, azken esprint indartsuari esker. Frantziako selekzioko Gaston Rohmer sailkatu da bigarren postuan eta Go Fit Athletics taldeko Unai Naranjo hirugarrengoan.
- ARGAZKI-BILDUMA: 80. Mugertza Krosa, iruditan (*Argazkiak barren.eus eta Joserra Cabrera)
- 80. Mugertza kroseko SAILKAPENAK -PDF-
∞Lotura duten albisteak:
- Antxitxikari elgoibartarren emaitzak 2024ko Mugertza krosean (2024-01-08)
- Herriko atletek ere hartu dute parte estreinakoz Mugertza kroseko atletei egin dieten harreran (2024-01-06)
- Zigor Diez Mugertza kroseko zuzendaria, MATXeko Aurrez Aurre ataleko protagonista (2024-01-05)
- Mugertza krosaren 80. ekitaldia "denboraldiko kros onena" izango dela esan dute antolatzaileek (2024-01-03)
- Carmen Valero gogoan izango dute Mugertza krosean (2024-01-03)