Lagunak Pilota Eskolak aurrekoak baino txapelketa "herrikoiagoa" antolatu du aurtengoan. Joan den apirilean hasi zituzten gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketak, eta 36 lagun aritu dira lehian.
Finaletan bero handiari aurre egin behar zioten palariek. Gizonezkoena jokatu zuten lehenik eta ordubeteko lehiaren ostean, Ander Condek eta Sergio Martinezek osatutako bikoteak irabazi zuen txapelketako azken neurketa, Mikel Gandiagari eta Alain Luisari 22-17 irabazita. Ander Condek iaz ere lortu zuen txapela, Endika Etxanizekin bikote eginez, min hartuta baitzegoen Sergio Martinez. Duela bi urte txapeldunorde izan ziren Martinez eta Conde.
Emakumezkoen finala jokatu zuten gero, Amaia Loiolak eta Aintzane Arizmendik Yolanda Mateosen eta Leire Varonaren aurka. Partida parekatua izan zen. 11nako berdinketaren ostean, txandan txandan egin zituzten tantoak 17. tantora arte, baina azken tantoak Arizmendik eta Loiolak egin zituzten eta 22-17 irabazi zuten finala. Estreinakoz jokatui dute elkarrekin eta eurak dira emakumezkoen pala txapelketako 12. edizioko irabazleak. Arizmendirentzat lehen garaipena da eta hiru bider izan da txapeldun Loiola.
Partidetako azken tantoak eta irabazleen adierazpenak, goiko bideoan.