Aitor Bergua, Oihana Apellaniz eta Hector Garrido Pilota Eskolako kideek eman dituzte azalpenak: "Konturatu gara azken urteetan kanpotik etortzen direla txapelketetan ibiltzen diren bikote asko. Maila oso altua daukate, eta horrek herritarrak atzera botatzen ditu". Iazko edizioan, esaterako, partida batzuk oso desorekatuak izan ziren: "Desoreka hori ez da erakargarria ez jokalarientzat eta ezta ikusleentzat ere, eta guk plaza jendez beteta ikusi nahi dugu".
Pilota plazara eraman eta herritarrek lagun giroan palaz gozatzea nahi dute. Duela urte batzuk baldintza jarri zuten gizonezkoen txapelketarako: jokalariak Elgoibarkoak edo Elgoibarrekin lotura zutenak izatea, gutxienez bikoteko bat. Ondo funtzionatu zuen eta, aurten, emakumezkoetan jarriko dute baldintza hori. Horrez gain, aurten izena ematea doan izango da, eta Udalaren laguntzari esker, Ikastolako frontoia erabili ahal izango dute parte-hartzaileek entrenatzeko, libre dagoen orduetan.
Interesatuek martxoaren 7ra arte dute izena emateko aukera. Emakumezkoetan izena emateko 646 801 407 telefonora (Yolanda) bidali behar da mezua eta gizonezkoetarako, berriz, 690 612 927 zenbakira (Aitor).
Txapelketa apirilean hasiko da. Lehenengo fasea ligaxka estiloan jokatuko dute, eta gero partida bakarreko kanporaketa bidez erabakiko dira finalistak. Txapelketako finala ekainaren 20an izango da Kalegoen plazan. Amaieran, parte-hartzaile guztiek afaria egingo dute.