Emozioa eta parekotasun handia pala txapelketetako finaletan

Barren 2024ko eka. 24a, 14:43

Emakumezkoen zein gizonezkoen pala txapelketetako finalak jokatu zituzten, barikuan, Kalegoen plazako frontoian. Bi partidetan estua izan zen txapela buru gainean janzteko lehia.

Emakumezkoen finalean indartsu hasi zuten finala Iratxe Astigarraga debarrak eta Amaia Aizpurua azkoitiarrak. 11 eta 4 aurreratu ziren markagailuan. Jone Azkoaga eta Karmele Martinez zarauztarrek osatutako bikoteak, baina, ez zuen amore eman eta garaipenean sinetsita, partida parekatzea lortu zuten. Zailena egina zutenean, baina, hau da partida 19na berdintzea lortuta, hurrengo bi tantoak jarraian egin zituzten Astigarragak eta Aizpuruak, eta hatzekin ukitu zezaketen garaipena. Zarauztarrek berriro lortu zuten miraria eta, 21na berdintzea lortu zuten. Azken tantoan finala galtzeko beldurra gailendu zen eta bost minutu eta erdiko tantoa jokatu zuten lau palistek. Bikote urdinaren huts batekin amaitu zen finala eta Jone Azkoaga eta Karmele Martinez dira Emakumezkoen XI. Pala Txapelketako irabazleak. 

Emakumezkoen azken tantoa, laburtuta, eta irabazleen poza, honako bideoan:


Gizonezkoen VII. Pala Txapelketako lau finalistak kantxaratu ziren gero, Ander Conde eta Endika Etxaniz elgoibartarrak batetik, eta Ander Eizagirre zarauztarrak eta eta Mikel Arrieta elgoibartarrak osatutako bikotea bestetik. Gizonezkoen finala ere parekotasun handikoa izan zen. Conde eta Etxaniz 2-7 galtzen hasi ziren arren, buelta eman zioten markagailuari eta garaipena eskuratu (22-17). Aurrelari aritu zen Ander Condek galdu egin zuen iaz jokatutako finala, Martinezekin bikotea osatuz, eta aurten ez zuen halakorik errepikatzerik nahi. Bikote sendoa osatu dute berak eta Endika Etxanizek.

Finaletako argazki -bilduma:

Lotura duten albisteak: