Jose Gurrutxaga krosa, bazkari herrikoi eta guzti aurten

Barren 2025ko mar. 24a, 14:28

Egun osoko egitarauarekin dator aurten Elgoibar Ikastolak antolatzen duen Jose Gurrutxaga kirol proba. Dagoeneko zabalik dute proba osterako antolatu duten bazkarirako izen ematea.

Elgoibar Ikastolak urtean zehar kalean antolatzen dituen ekimenak bereziak izaten ari dira aurten, urrian Kilometroak jaia izango dela-eta. Ukitu berezia eduki zuten santa eskeak, Euskal Inauteriek edota Pilota Egunak, eta soka bererik, Jose Gurrutxaga krosaren 30. edizioa izango dena ere ohi baino jantziagoa dator, kirola, festa eta elkartasuna uztartuko dituela aurreratu baitute Ikastolatik. Apirilaren 6an izango da herriko kaleetan barrena egiten den kros jendetsua, eta 09:30etik 10:20ak bitartean kamisetak eta dortsalak eskuratzeko aukera izango dute izena emanda dauden LH1etik gorako partaideek. Aurten, estreinakoz, Haur Hezkuntzako neska-mutilek ere egingo dute antxitxika, 10:00etatik aurrera. Horren ostean hasiko dira urteroko ohiko lasterketak, adinaren arabera banatuta, 10:30etik aurrera. 

Jolasgunea Bolatokian

Ume txikienentzako txoko edo jolasgune bat ere prestatu dute, 0-5 urte bitarteko umeentzakoa, hain zuzen. 10:30etik 13:30era egongo da erabilgarri Bolatokiko parkean. 

Bazkari herrikoirako txartelak

Estreinakoz bazkari herrikoia antolatu dute. Elizpean egingo dute lasterketa guztiak amaitzean, 14:30etik aurrera. Adin txikikoek heldu baten ardurapean joan beharko dutela ohartarazi dute. Bazkarirako txartelak Elgoibar Ikastolan eskuratu daitezke, gaur hasi eta apirilaren 1era arte; edo, agortu arte. Haurrentzako menua 12 eurokoa izango da (makarroiak + oilasko izterra + postrea + ura), eta helduena 18 eurokoa (paella + oilasko izterra + postrea + kafea + sagardoa/ardoa/ura).

2024ko Jose Gurrutxaga krosean jokatutako lasterketa bateko irteera.