75 aparkaleku egingo dituzte Errezabal adinekoen zentroaren azpian

Barren 2025ko urt. 30a, 16:58

Elgoibarko Udalak eta Foru Aldundiak aurrerapausoak eman dituzte Errezabal adinekoentzako zentroaren proiektuan. 

2022an sinatu zuten lankidetza-hitzarmena, eta orduko hartan adostutako portzentajeen arabera banatuko dira zentroaren eta aparkalekuaren espazioak. Hasieran aurreikusitako ehunekoak honako hauek ziren: gizarte zerbitzuetarako %80,75 eta aparkalekurako %19,25 (4.250 m2-ko partzelan). Orain eguneraketa batzuk egin dizkiote hasierako proiektuari, eta azken portzentajeak hauek dira: gizarte zerbitzuetarako %83,61 eta aparkalekurako %16.39. Kontuan eduki behar da obra honetan egingo den inbertsioaren kostua ere aipaturiko ehunekoetan oinarrituta banatuko dutela Aldundiaren eta Udalaren artean. Hortaz, eguneraketaren ostean, gutxiago ordaintzea egokituko zaio Udalari. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dituzte.
Eguneraketa egin eta gero zehaztuta gelditu den beste kontu bat aparkaleku kopuruari buruzkoa da. Aparkalekuak proiektuaren helburu nagusiak izan ez arren, Udalaren jabetzako lur azpiko aparkaleku publiko bat aurreikusten du proiektuak, eta 75 plaza erakiko dituzte. Oraindik ez dute erabaki aparkaleku horien izaera, baina "herritarren onurarako izango den erabilera" aztertzen ari direla aurreratu dute Udal agintariek.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen gizarte-zerbitzuen ekipamendua eraikitzeko kontratazio-espedientea, eta maiatzaren 22an Elgoibar 2023 Aldi Baterako Enpresa Elkartea (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zitzaion proiektua egitea, eraikitzea eta 10 urtez kudeatzea.

Tramitazioaren azken fasean

Udalak azpimarratu duenez, obraren prozesua "aurrera doa". Oinarrizko proiektua jada jasota dago eta obrarako baimena ere eman du Udalak. Eraikuntza egitasmoa tramitazioaren azken fasean dagoela esan nahi du horrek. "Ekimena garatzeko prozesua laster hasiko da eta esperantza dugu proiektu honek herritarrei zerbitzu duin eta egokia eskaintzea", adierazi dute.

Elgoibarko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak berritu duten obrako kontratua gauzatzeko lankidetza-hitzarmena jendaurrean egongo da hilabetez, herritarrek alegazioak egiteko aukera izan dezaten. Joan den urtarrilaren 21etik Gipuzkoako Aldizkari ofizialean argitaratuta daude Errezabal adinekoen zentroari eraikitzeko proiektuari buruzko txosten, datu ekonomiko, plano eta jakin beharreko xehetasun guztiak. Handik hartu ditugu XLark (Anton Pagola Aizpiri, Miriam Varela Alonso eta Santi Lorenzo Borda) eta EPA (Emilio Puertas Arquitectos SLP) arkitektura enpresek sortutako irudiok, Errezabal zentroak izango duen itxuraren ideia bat izateko. 

∞Lotura duten albisteak: