Ekipamendu berriak mendetasun-egoeran dauden adinekoentzako egoitza-zerbitzu bat eta eguneko zentro bat, desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitza-unitate bat eta buru-nahasmendu larria duten pertsonentzako beste bat izango ditu, eta baita aparkaleku publiko bat ere. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak 2022ko azaroaren 29an onartu zuen gizarte-zerbitzuen ekipamendua eraikitzeko kontratazio-espedientea, eta maiatzaren 22an Elgoibar 2023 Aldi Baterako Enpresa Elkartea (Viuda de Sainz eta Biharko erakundeek osatua) esleitu zioten proiektua egitea, eraikitzea eta 10 urtez kudeatzea.
Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 88,5 milioi eurokoa da, eta horietatik 20,6 milioi euro eraikuntzara bideratuko dituzte. Kontratuan ezarritako epeen arabera, obra 2024. urtearen hasieran hastea aurreikusten dute, eta egoitza 2026an martxan izatea. Eider Mendoza foru bozeramaileak zehaztu duenez, egoitza berria Elgoibarko tokiko zainketa-ekosistemaren ardatza izango da, eta Debabarrena eskualde osoko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzungo die.
• 87 plaza
Adinekoentzako egoitza berriak 87 plaza izango ditu guztira, bizikidetza-unitate txikietan banatuta; horietatik 22k unitate psikogeriatrikoa osatuko dute, eta plaza gehienak banakako geletan egongo dira. Bestalde, desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-unitateak 18 eta 22 plaza artean izango ditu, eta buru-nahaste larria dutenentzako egoitza-unitateak 16 eta 21 plaza artean. Egoitza-unitateez gain, adinekoentzako eguneko zentro bat ere egongo da, 40 plazarekin. Zentro osoak 10.500 metro koadro inguruko azalera izango du, eta instalazio “modernoak, irisgarriak eta komunitateari lotuak” izango direla esan du Mendozak, berdeguneez inguratuta, egoteko gune zabalekin, jantokiekin eta kafetegiarekin. Bestalde, lur azpiko aparkaleku publiko bat ere eraikiko utea, 70 eta 110 plaza artekoa.
∞Lotura duten albisteak:
- Errezabal zahar-egoitza eraikitzeko lizitazioa onartu du Aldundiak (2022-12-01)
- Lagin geoteknikoak hartzen jardun dute asteon Pilarren, zaharren egoitza eta lurpeko aparkalekua egiteko (2022-09-23)
- Errezabal egoitza berria eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Elgoibarko Udalak eta Aldundiak (2022-06-01)
- Pilar ikastetxeko orubea Aldundiari laga dio Elgoibarko Udalak, Errezabal egoitza eraikitzeko (2022-05-05)
- Elgoibarrek 130 plazako adinekoentzako egoitza berria izango du (2021-07-09)
- Markel Olano: "Pilarreko adinekoentzako egoitza 2022rako eraikita egotea aurreikusten dugu" (2019-02-28)
- Abenduan amaituko dituzte Pilarreko eraikina eraisteko lanak (2013-11-21)