Errezabal zahar-egoitza eraikitzeko lizitazioa onartu du Aldundiak

Barren.eus 2022ko abe. 1a, 14:34

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Errezabal zaharren egoitza, eguneko zentroa eta 140 plaza inguruko aparkalekua eraikitzeko lizitazioa onartu du.

Pilar ikastetxea egon zen orubean eraikiko duten gizarte-zerbitzuen ekipamendu horrek honako zerbitzu hauek izango ditu: adinekoentzako egoitza bat, eguneko zentro bat (40 plaza) eta 140 eta 150 plaza bitarteko aparkaleku bat. Gunea eraikitzeko eta kudeatzeko lizitazioaren aurrekontua 21 milioi euro baino gehiagokoa da.

Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatu eta Aldundiko bozeramaileak nabarmendu duenez, instalazio "modernoak, irisgarriak eta komunitatera konektatuak" izango dira. "Azpiegitura berria zentro berritzailea da, eta Elgoibarko eta Debabarreneko eskualdeko egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gai da". Gaineratu du asmo handiko proiektu kolaboratiboa dela, adineko eta mendeko pertsonak zaintzeko, "hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik abiatuta".
Aldez aurreko azterlanen arabera, egoitza berriak 10.500 metro koadroko azalera izango du, eta 12-18 pertsonako bizikidetza-unitate txikiek osatuko dute. Agintariek aurreratu dutenez, gela gehienak banakakoak izango dira, eta komunitateari irekita egongo da egoitza, berdegunean edukiko ditu inguruan, egonleku zabalak, jantokiak eta kafetegia.
Elgoibarko alkate Ane Beitiak azpimarratu du urrats irmoa eta "behin betikoa" dela Errezabal laster errealitate izan dadin. “Aldundiarekin lankidetza estuan ari gara lanean, Errezabal Egoitza legealdiko proiektu garrantzitsuenetako bat baita Elgoibarko Udalarentzat. Proiektu konplexua eta oso delikatua da, eta etengabe eta inplikazio osoz ari gara lanean. Asmo handiko proiektu kolaboratiboa da, adineko eta mendeko pertsonak zaintzeko, hurbiltasunetik eta zaintza pertsonalizaziotik abiatuta. Elgoibartarrengan eragin zuzena izango du, herritarrei, hurbilen duten eremuan, zaintza-zerbitzu eta gizarte-arlo aurreratu eta kalitatezkoa eskainiz. Apustu estrategiko partekatua tokiko eta Gipuzkoako herritarren bizitza hobea, errazagoa eta seguruagoa izan dadin”, adieazi du prentsa ohar bidez.

Egoitza berria Elgoibarko "tokiko zainketa-ekosistemaren ardatza" izango dela azaldu dute, eta, Mendozak zehaztu duenez, "irisgarria eta ingurunera konektatua" izango da. "Gipuzkoa aurrera doa arreta eta zaintza eredu komunitarioago baterantz, eta pertsona bakoitzaren behar eta eskaeretan zentratzen da", esan du, eta gaineratu du gizarte-eredu hori "bere egiteko modu batean oinarritzen dela, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta gizarte-zerbitzu eta -politiken sistema finkatu batean, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duena".

∞Lotura duten albisteak:

 

2022 12 01 orubea pilar errezabal zaharetxea elgoibar BARREN