Mimi Belete bahraindarra eta Teklemariam Medhin eritrearra gailendu dira 2015eko Mugertza krosean

Barren.eus 2015ko urt. 25a, 18:01

Mimi Belete (Bahrain, 1988) izan da nagusi emakumezkoen lasterketa nagusian, Emily Chebet (Kenya, 1986) mundiko txapeldunari aurrea hartuz. Gizonezkoetan erakustaldia eman dute Nike taldeko afrikarrek. Lehen zuzengunean jarri da tropelaren buruan boskote bat eta ez diete aukerarik eman gainontzekoei. Euren arteko lehian Teklemariam Medhin (Eritrea, 1989) izan da azkarrena. Lasarteko eta Italicako krosak ere irabazi ditu denboraldi honetan Medhinek. (argazki bilduma dauka)

ARGAZKIAK:

 Gizonezkoen lasterketa hasieratik izan da ikusgarria. Irteera eman orduko tropelaren burua hartu dute bost lagunek: Polat Arikan Europako txapeldunak, Jairus Birech keniarrak, Joshua Cheptegei ugandarrak eta Goitom Kifle eta Teklemariam Medhin eritrearrek. Mintxetako pistari eman dioten lehen itzulia, hau da, lehen 400 metroak, minutu eta segundu batean egin dituzte eta lehen kilometroa 2:48ko denbora harrigarrian osatu dute. Segituan egin dute aldea jarraitzaileekiko. Aldiz, mantso ekin dio lasterketari Paul Tanui keniarrak, 2012ko Mugertza krosa irabazi zuen antxitxikariak. Alperrik izan dira aurrekoekin bat egiteko egin dituen ahaleginak. 3.000 metro hesietan espezialista den Jairus Birech keniarrak egin ditu erbi lanak hautatuen tropelean. Erritmo bizia ezarri du eta lasterketa erdira iritsi direnean hogei segunduko aldea ateratzen zion aurreko boskoteak atzetik zetozen Tanuiri, Javier Guerrari eta Antonio Abadiari.

Azken itzulian atera ditu kartak mahai gainera Teklemariam Medhinek eta martxa bat gehiago sartu dio erritmoari. Cheptegei ugandarrak ondo eutsi dio Medhinen erasoari, baina erori egin da 700 metro falta zirenean. Azkar altxatu den arren ezin izan ditu Medhinekin galdu dituen metroak errekuperatu, eta gainera, atzetik zetorren Arikanek gainditu egin du azken esprintean. Medhinek hiru segundoko aldea atera dio helmugan Arikani. Eritreako atletak ez du berehalakoan ahaztuko 2015eko urtarrila. Hil honetan jokatu dituen kros guztiak irabazi ditu. Lasarteko Nazioarteko krosa lehenik, Italicacoa Sevillan gero eta Elgoibarko Juan Mugertza krosaren 72. edizioa azkenik, azken biak IAAF kategoriako krosak. Bere bizitzan ez dela horren sasoiko egon adierazi zuen proba amaieran Medhinek. Espainian azken hogei egunak pasa ostean Eritreara joango da orain Munduko kros txapelketarako sailkapen probetan parte hartzera. Izan ere, datorren martxoan Guiyang hirian, Txinan, jokatuko den Munduko kros txapelketa da neguko denboraldiko bere helburu nagusia. Txapelketa jokatu ostean maratoian hasteko asmoa duela adierazi zuen, "maratoian ikusten dut nire etorkizuna".
• Beletek ezustean hartu zuen Chebet
Emakumeen lasterketa gizonezkoena baino dezente mantsoago hasi da eta hemeretzi segundo gehiagoan egin dituzte lehen 400 metroak. Mercy Cherono keniarrak ezarri du lasterketaren erritmoa lehen zatian, baina bere itzaletik aldendu gabe eduki ditu bi alditan munduko kros txapelduna izan den Emily Chebet keniarra eta Mimi Belete bahraindarra. Horien atzetik beste hirukote bat, hirurak europarrak: Sara Moreira portugaldarra, Diana Martin espainiarra eta Lily Partridge britainiarra. Lasterketa erdialdera neke zantzuak ematen hasi da Cherono eta argi ikusi da garaipenerako lehia Chebet eta Beleteren artean zegoela. Beletek erritmoa bizitu eta aldea egin du Chebetekiko, Italicaco krosean gertatu zenaren mendekua hartuz. Chebet, Cherono eta Belete izan zen Sevillan jokatutako krosaren podiuma. Elgoibarren, aldiz, Beletek irabazi du lasterketa 22:09ko denborarekin. Irabazlearengandik lau segundora iritsi da helmugara Chebet eta minutu batera Cherono. Ethiopiarra da jaiotzez Mimi Belete, baina Barheimgo nazionalitatea du eta estreinako aldiz etorri da Elgoibarrera. Birritan munduko txapelduna izan den Chebet garaitzea sekulako arrakasta dela berarentzat adierazi zuen lasterketa amaieran, "are gehiago Chebet sasoi onean dagoelako" zehaztu zuen. Etiopiara joango da orain, Addis Abeba hiriburura, hain zuzen ere, eta Txinako Munduko kros txapelketarako prestaketak hasiko ditu han.