Eguna ateri esnatu den arren, Mugertza kroseko lehen lasterketa hasterako, 9:30ean, euria ari zuen eta halaxe jarraitu du goiz guztian zehar, aterune txiki batzuk kenduta. Senior mailako lasterketetan egin du euririk gutxien. Euri gutxiago buru gainean, bai, baina hanka azpian lokatza gehiago izan dute nagusienek. Euriarekin lokatza sortu da, eta lokatz gunez bete dira ibilbideko hainbat zati. Ehunka atletek ibilbidea zapaltzearen ondorioz, gune jakin batzuetan korrika egitea ere kosta egiten zitzaien azken lasterketetan lehiatu diren antxitxikariei. Ikuskizuna areagotu besterik ez du egin horrek, eta iazko krosaren antza izan du aurtengoan, antzerako baldintzeta jokatu baitira azken bi urteotako probak.
Emakumezkoen proba nagusian iazko irabazle Edinah Jebitok (Kenya, 2001) zen Mugertza krosa irabazteko faborito nagusia, baina behin irabazteak ez du zurtatzen garaipena, aurkari gogorrak eduki baititu Jebitokek, antolatzaileek puntako atleta sorta ekarri baitute emakumezkoen lasterketa nagusian lehiatzeko. Horietako batek hartu dio aurrea Jebitoki, Rahel Daniel eritrear gazteak, hain zuzen ere. Daniel bada nor atletismo munduan, 2022ko Munduko Txapelketan bosgarren postuan sailkatu baitzen Eugenen (AEB), 5000 metroko lasterketan. Horrez gainera sailkapen nagusiko bigarren postuan amaitu zuen iiza kros denboraldia (World Cross Country Tour). Eta denboraldi hau sasoi betean hasi du, Burgosen Atapuercaco krosa irabaztetik iritsi baita Elgoibarrera eta denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du Elgoibarren. 25 minutu eta 44 segundo erabili ditu 7.621 metroko ibilbide gorabeheratsua osatzeko. Eritrear batek Mugertza krosa irabazten duen aurreneko aldia da. Edinah Jebitok heldu da bigarren postuan helmugara eta Winfred Mutile Yavi (Bahrain, 199) heldu da hirugarren postuan.
• Txapeldun olinpikoaren bigarren garaipena Elgoibarren
Gizonezkoen proba nagusian nagusitasunez gailendu da Selemon Barega. Txapeldun Olinpikoa eta munduko txapelduna den atleta etiopiarrak nahi izan duenean laga ditu atzean aurkariak eta 33 minutu eta 14 segundoko denboran osatu ditu ibilbideko 10.796 metroak. 2018. urtean, 17 urte besterik ez zituela, lortu zuen garaipena errepikatu nahi zuen Baregak, eta lortu du. Birhanu Balew (Bahrain, 1996) izan da bigarren eta Espainiako Kros Txapelduna den Adel Mechaalek egin du hirugarren.
Ikus Sailkapen guztiak HEMEN -PDF-
*Argazkiak: BARREN eta Joserra Cabrera.
∞Lotura duten albisteak:
- Harrera beroa egin diete Mugertza kroseko atletei (2023-01-07)
- Mugertza krosa irabazitako Barega eta Jebitok izango dira aurtengo izarretako batzuk (2023-01-04)
- Kimeli eta Jebitok kenyarrak gailendu dira euritan eta lokatzarekin jokatu duten Mugertza krosean (2022-01-09)
- Bost lagun omenduko dituzte Mugertza krosean (2022-01-07)
- Goi mailako partaidetza Mugertza krosaren itzuleran (2022-01-05)
- Mugertza krosa bertan behera lagatzea erabaki du Mintxeta atletismo taldeak (2020-12-15)
- Mugertza krosa jokatu ahal izateko bete beharreko baldintzak (2020-12-02)
- Mugertza krosak hirugarren postuari eutsi dio Espainiako krosen sailkapenean (2020-05-20)
- Obiri eta Worku izan dira azkarrenak 77. Mugertza krosean (2020-01-12)
- Jebet eta Barega gailendu dira krosaren osagai guztiak eduki dituen 75. Mugertza krosean (2018-01-14)