-Emakumeen lehen taldea osatu ez ezik, proba ere amaitu duzue, 43:10:27 denboran.
Bai, halaxe da. Ehunmilakera gogotsu ailegatu ginen, motibazio handiarekin eta ondo entrenatuta. Etxeko lanak ondo egin genituela uste genuen arren, beti daukazu zalantza puntu bat, gauza asko gerta daitezkeelako era honetako proba batean. Errespetua ematen du probaren luzeerak, 171 kilometro, eta gainditu behar den desnibelak ere bai, 11.000 metroko desnibel positiboa baitu. Eta, gure estreinako aldia zela gehitu behar zaio.
-Proba gogor eta luzea da bai. Irteera hartu zenuten 385 lagunetatik 227k amaitu zenuten.
Bai, halakoxea da. Zailtasun guztiak gainditzeak ematen duen poza nekea eta sufrimendua baino handiagoak dira. Asko gustatu zait lasterketa. Ehunmilak etxean bertan daukagun mundu mailako lasterketa da, oso ondo antolatutakoa; eta, aurrez nuen susmoa bete da probatu dudanean, bizitzan behin egitea merezi duen lasterketa horietako bat zela uste nuen egin aurretik, eta uste hori berretsi du nire bizipenak. Izugarrizko esperientzia izan da.
-Nolatan erabaki zenuen Ehunmilaken parte hartzea?
Iaz Goierriko 2 Handiak proba egin nuen, 90 kilometrokoa, eta asko gustatu zitzaidan. Bukatu bezain pronto hasi ginen hurrengoan Ehunmilak egitearekin amesten. Ingurukoen artean komentatu nuen eta senide bati ere eman nion nire nahien berri. Egitera animatu ninduen hark ere, eta handik egun gutxitara istripu bat eduki zuen. Gertaera horrek nituen zalantza izpi guztiak uxatu zizkidan eta izena ematea erabaki nuen; gauzak ez dira gerorako laga behar. Izen ematea ireki zutenean, azaroan, ordenagailu aurrean jarri eta hortxe hasi zen gure istorio hau.
-Eta taldean egitea erabaki zenuen gero.
Izena bakarka eman nuen arren, Xolomo taldeko beste bi lagunek G2H probarako izena eman zutela ikusi nuen. Lasterka ibiltzen garen lagunek osatzen dugu Xolomo taldea Azpeitian, han bizi bainaiz ni. Taldeko bi lagun horiek Ehunmilak nirekin taldean egitera animatu eta konbentzitu nituen eta halaxe sortu genuen Erlo izeneko taldea.
-Ehunmilak lasterketaren historian arrastoa laga duzue, Ehunmilak lasterketako taldeetako bat emakumeek soilik osatutakoa izan baita estreinakoz?
Izena eman genuenean ez genekien emakumez bakarrik osatutako estreinako taldea ginenik, eta pozik gaude bide hori zabaldu izanagatik eta proba amaitzea lortuta gainera.
-Nolako esperientzia izan zen taldean egitearena?
Elkar ondo ezagutzen dugunez, oso ondo moldatu ginen, elkar animatuz, hitz eginez... oso-oso ondo kudeatu genuela esango nuke. Esperientzia hau taldean partekatzea oso polita izan da niretzat, babes handia izan da 171 kilometroan bi lagun ondoan izatea, batez ere bi gau elkarrekin pasa behar genituelako. Lehendabiziko parte hartzea izanda, ideia egokia izan da taldean egitearena. Taldekako modalitate honek eskatzen du zure burua kudeatzeaz gainera, bakoitzak bere gorabeherekin: zure buruaren lagun eta etsai izanda, era berdinean beste bi pertsona horien gorabeherak ere kudeatu behar dituzula. Irakaspen handia da, bakoitzak daukan onena eman behar baitu taldearen mesedetan. Erlo taldean argi genuen lasterketa elkarrekin egin nahi genuela, elkarri lagunduko geniola, bata bestearen makulu izango ginela une gazienetan ere. Bizitzako beste arlo askotan gertatzen den moduan, helburu berdin baten bila egindako talde lana eraginkorra dela ikusi dugu.
-Une larririk bizi al zenuten?
Ez, ez genuen une larririk edo txakalaladirik eduki. Bai, ordea, emozioz beteriko momentuak. Tolosan, 80 kilometro eginak geramatzanean, hausnarketa unea eduki zuen taldekide batek, baina elkarri babesa emanez lortu genuen aurrera egitea. Aizkorriko tontorra zapaltzea ere emozioz beteriko unea izan zen, han jabetu baiginen Ehunmilak bukatzeko gai izango ginela. Besarkada on batekin ospatu genuen hirurok. Dauden emozio guztiak sentitzen dira horrelako proba luze batean, eta horiek kudeatzean dago gakoa. Guk ondo asmatu genuen.
Orohar, pentsatzen genuena moduko lasterketa irten zitzaigun, ibilbidea ezagutzen genuelako eta ondo prestatu genuelako. Esana ziguten bigarren gauean, nekeagatik-eta, badirela gauza arraroak ikusten hasten diren partaideak, baina halakorik ez dugu ezagutu. Zailtasun handienak Lizarrustitik Etxegaratera artean topatu genituen. Gora beherez beteriko 15 kilometroko baso zati ederra da berez, baina gaua sartu zitzaigun eta lokatzez beteta aurkitu genuen. Buruko argiekin gindoazen arren, apenas ikusten genituen seinaleak eta gure oinak ere ozta-ozta. Energia gehien gastatu arazi zigun tartea izan zen, lokatzagatik eta adi joateko esfortzuagatik.
-Zer sentitu zenuen Beasainera iristean?
Azkenengo zatia ezagutzen nuen iaz G2H egina nuelako. Iristean helburua betete izanaren poza sentitu nuen. Azken metroetan jaso genituen animoak eta txaloak ere hunkigarriak izan ziren. Xolomotik aurkeztu zen beste taldeak, Xoxotek, ere lortu zuenez proba bukatzea, guztiok elkarrekin ospatu genuen Beasainen, besarkada festa handi batean. Besarkada asko, muxu asko, animo asko eta negar malko bat edo beste. Elkarrekin zerbait hartu eta hobeto ospatzeko hitzordua jarri genuen. Seme-alabekin eta bikotearekin ere ospatu nuen. Hiru taldekideok eduki genituen atzetik etxeko guztiak, eta eskerrak eman nahi dizkiet animoengatik eta babesagatik. Elgoibarko koadrilakoak Azkaraten agertu zirenean ere emozioz beteriko unea izan zen. Indarra ematen dizute halakoek. Azkarate gainean txaranga doinuak entzutea ere berezia izan zen oso. Era berean, Txindokiko lepoan antolakuntzakoak zeuden eta eurek ere hunkituta zeuden emakumez osatutako lehen taldea ginela-eta.
-Zerbait nabarmendu nahi duzu?
Amets bat gauzatzea lortu dut. Izugarri maite ditut mendian ibiltzea eta kirola egitea eta horietaz lagunez inguratuta gozatzeak ez dauka preziorik. Sarritan esaten dugu saiatu ezean ez dagoela jakiterik non dauden gure mugak. Guk geuk jartzen dizkiogu gure buruari muga mordo bat, beldurrengatik. Beldur horiek uxatu eta saiatu egin behar dala uste dut nik. Halako kirol erronkak irakaspen ona dira. Urte guztian egindako lanak emaitza eman duela ikustea ere pozgarria da. Era honetako lasterketa batean gauza guztiak ondo prestatu eta eginagatik ere, nahikoa baita sabeleko min bat edo bihurritu txar bat dena pikutara bidaltzeko.
Bestalde, Euskal Herrian dauzkagun mendiko paisaia ikusgarriak nabarmenduko nituzke, izugarri politak dira Aizkorri, Txindoki edo Aralarko parke naturaletan dauden ikusmirak. Zorte handia daukagu.
-Ehunmilak berriro egiteko asmorik bai?
Momentuz, ez. Atseden hartzea da orain nire asmoa eta udazkenean bueltatuko gara mendi lasterketetara.