Garaipena eta errekorra Mayi Mujikarentzat Goierriko Bi Handiak lasterketan

Barren 2024ko uzt. 14a, 11:21

Mayi Mujika G2H lasterketako helmugan. Arg: Goierriko Hitza.

Garaipen bikoitza eskuratu du Mayi Mujikak Goierriko Bi Handiak lasterketan. Izan ere, G2H irabazita sailkapeneko lehendabiziko postuan amaitu du Ultra distantziako Euskal Herriko Kopa, eta berea da txapela.

Besaiango Loinazko San Martin Plazatik abiatu ziren G2Hko parte hartzaileak barikuan, 23:00etan. Mendi lasterkariek 90 kilometroko ibilbidea -5.500 metroko desnibel positiboa- osatu behar zuten hasitako lekura bueltatzeko, eta emakumezkoetan Mayi Mujika izan zen azkarrena. Elgoibartarrak 12 ordu eta 40 segundo erabili zituen proba bukatzeko, hau da, 10 minutuan ondu zuen Uxue Frailek 2019an ezarritako errekorra, eta gertu izan du hamabi orduen langatik jaisteko aukera.

Lasterketaren amaueran adierazi zuenez, ez zuen errekorra ontzerik espero, baina, errekorra gainditzeko aukerak zituela jabetu zenean erritmoa estutu zuen eta ondo irten zitzaion apostua. Atzetik aurrerako lasterketa planteatu zuen Mujikak eta jokaldi hori ere bere alde irten zitzaion. Hainbat kilometroan lasterketa buruan joan zen Maryam Berthaurt antxitxikari frantziarra 50. kilometroan aurreratu zuen eta helmugaraino eutsi zion lehen postuari, aurkariekiko aldea nabarmen handituz gainera. Olatz Ozazeta altsasuarra ailegatu zen bigarren postuan helmugara (12:39:13) eta Maryam Berthaurt sailkatu zen hirugarren (13:05:41).
Mayi Mujikarentzat estreinako garaipena izan da G2H lasterketan. Birritan lortu zuen hirugarren postua, 2017an eta 2018an jokatutakoetan, hain justu ere.

536 mendi lasterkari zeuden izena emanda G2H lasterketan parte hartzeko eta 454 atera  ziren azkenean, tartean 38 emakume. 372k lortu zuten proba bukatzea, horietatik 26 emakumezkoak. 

Emakumezkoetan lehen hiru sailkatuak G2H lasterketan, Beasainen. Arg: Gitb.

Txapeldun Euskal Herriko Kopan

Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako laugarren -eta azken-, proba puntuagarria izan da Goierriko 2 Haundiak. Lehen hiru probetan (Enkarterri Xtrem, Domusa Teknik 40 MLK eta EH Mendi Erronka) batutako puntuei esker, Mayi Mujika sailkapen nagusiko bigarren postuan ailegatuko zen azken probara, Oihana Azkorbebeitia liderarrengandik bi puntura. Azken proba irabazita, Mujika da Euskal Herriko Kopako txapeldun. 306 puntu batu ditu lau probetan, Azkorbebeitiak baino 10 gehiago. 

Zazpi elgoibartar eta mendaroar bat 

Elgoibarko eta Mendaroko zortzi mendi lasterkarik amaitu zuten Goierriko Bi Handiak lasterketa, zazpi elgoibartarrek eta Joseba Manteca mendaroarrak 

1. postua MUJIKA ERRASTI, MAYI  12:00:40 
6. postua LENDINEZ GARATE, AINHOA 15:33:29


123. postua MARTIN LEIVA, JUAN ANTONIO 15:28:47
163. postua SAIZ SABORIDO, DENIS 16:25:22
184. postua MANTECA ZABALA, JOSEBA 16:53:24
243. postua CID ALCIBAR, JULEN  18:10:59
244. postua MENDIKUTE AZKUE, JOSU 18:11:36
313. postua RODRIGUEZ MIGUEL, JON  10:37:37