Elkarrekin 171 kilometroak osatzea, bukatzea, izango dute helburu hiru taldekideek: Gema Segurola Gurrutxagak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1972), Maite Maiz Azkargortak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) eta Saioa Iriondo Ansolak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981).
Lasterketari lotuta Goierriko Hitzak ateratako gehigarrian elkarrizketatu dute hirukotea.
Hirurek zuten trilogian parte hartzeko asmoa Ehunmilak probarako taldea eratu aurretik ere; Segurolak eta Maizek Goierriko Bi Handiak probarako eman zuten izena hasiera batean, eta Iriondok, aldiz, Ehunmilak ultra trailerako. Elkarrekin aritzen dira entrenatzen, eta entrenamendu horietako hizketaldietatik sortu zen taldeka parte hartzeko ideia, Iriondoren esanetan: “Duela bi hilabete pentsatu genuen momentu aproposa izan zitekeela Ehunmilak egiteko, aukera polita izan zitekeela. Ni jada egitekotan nintzen. Animatu ziren eta albiste ona izan zen hori ere”. Talde berean entrenatzen dute elkarrekin, eta bi lasterketa ere egin dituzte batera: Leitzako (Nafarroa) Euskal Herriko Mendi Erronka, 60 kilometrokoa, eta Tolosako (Gipuzkoa) 14 orduak.
“Ehunmilak bizitzan behin egin beharreko zerbait da”
Saioa Iriondok Goierriko Bi Handiak proba, 90 kilometrokoa, osatu zuen iaz. Bere berbetan, Ehunmilak “bizitzan behin egin beharreko zerbait” da, eta asmo horretan dihardu. Gogotsu eta motibatuta dago, horrelako lasterketa batean gertatu daitezkeen ezustekoez jakitun: “Motibatuta, ilusioarekin, gogo askorekin, eta aldi berean kezka eta errespetuarekin; prestatu gara, entrenatu dugu, momentu honetan ondo gaude, baina 171 kilometrotako lasterketa batean edozer gauza pasa daiteke”.
Taldean joatea lagungarri egingo zaie, batek beherakada duenean besteek tira egiteko eta animatzeko alboan egongo direlako. Orduak eramangarriagoak izan daitezke hala. Beasaingo plazan elkarrekin hasi eta bertan elkarrekin helmugaratu nahi dute.
Iriondorentzat esperientzia batera bizitzea izango da aberasgarria: "Gure helburua da bukatzea, elkarrekin, hirurok batera, elkarri animatuz ibilbide osoan, ze seguru egongo direla elkarri lagundu beharko diogun momentuak, eta niretzat hori izango da polita, abentura bat, hiruron artean aurre egingo dioguna”.
Aurtengo taldekakoan hiru talde misto ere izango dira. Hiruretan bi gizonezko eta emakumezko bat lehiatuko dira: Zumaiako ZTR taldea (Isabel Serna, Ruben Celada eta Oscar Solas), Azpeitiko Xoxote taldea (Agustin Artetxe, Angel Mari Etxeberria eta Arantxa Larrañaga) eta Beasaingo Bealak taldea (Elena Calvillo, Asier Zubeldia eta Koldo Agirre).
Denera, hamasei taldek hartuko dute parte.
Hiru elgoibartar eta mendaroar bat izena emanda
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, hiru elgoibartar eta mendaroar bat daude Ehunmilak proban parte hartzeko izena emanda. G2H probarako, berriz, zortzi lagun daude Elgoibartik izena emanda: sei gizon eta bi emakume. Mendaroko gizonezko bat ere badago izena emandakoen artean.
Iaz Laura Rodriguez eta Angel Quintana izan ziren Ehunmilak proba bukatzea lortu zuten elgoibartarrak
Mayi Mujika, Koparen bila
Ultra distantziako Euskal Herriko Kopako hirugarren -eta azken-, proba puntuagarria izango da Goierriko 2 Haundiak. Lehen bi probetan (Enkarterri Xtrem eta Domusa Teknik 40 MLK) batutako puntuei esker, Mayi Mujika sailkapen nagusiko bigarren postuan ailegatuko da azken probara. Oihana Azkorbebeitia mendi korrikalari abadiñarra da Kopako liderra 208 punturekin. Mujikak 206 puntu ditu. Hortaz, bien arteko lehiatik irtengo da irabazlea.
Ongi-etorria Azkaraten
Ohi duten moduan, Elgoibarko mendizale talde batek Ehunmilak probako korrikalariei ongi-etorria egingo die, bariku gauean, Irukurutzeta eta Azkarate artean. Ehunmilak lasterketako partaideak Beasaindik irtengo dira barikuan, 18:00etan, eta ondo bidean 22:00ak aldera pasatuko dira lehenengoak Madarixako gainetik, kontuan izanda lasterketako 43. kilometroa dela. Guztira 171 kilometroko eta 11.000 metroko desnibel positibodun ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek.