Jose Luis Diez "Txelu"k eta Laura Rodriguezek aurten lortu dute Ehunmilak trilogia. Marimurumendi mendi maratoia egitea falta zitzaien biei eta hori ere zorroan dute. Rodriguezek sei ordu eta bi minutuan egin zituen 42 kilometroak (2.300 metroko desnibelarekin), eta 19. postuan sailkatu zen emakumezkoetan. Ainhoa Intxausti segurarra izan zen azkarrena Marimurumendi probaren 8. edizioan, eta probako errekorra ontzea lortu zuen gainera, bere estreinako iraupen luzeko lasterketa zen arren. Errekor berria: 04:18:28 da.
Laura Rodriguezek azaldu duenez, gozatzera eta ahal bada indarrak gordetzera irten zen Marimurumendin, barikuan Aneto-Posets ultra trailean parte hartzekoa baita. Rodriguezek 2022an korritu zuen Goierriko Bi Handiak, 90 kilometroko ibilbidea duen lasterketa, eta iaz egin zuen Ehunmilak, 170 kilometro ibilbidean 10.500 metroko desnibela duen ultra trail lasterketa. Bosgarren postuan sailkatu zen emakumezkoetan. "Hiruretatik bat aukeratzekotan, luzeena eta gogorrenarekin gelditzen naiz, ehun miliako bidaia sinestezina den Ehunmilakekin", esan du.
Txeluren zazpigarren partaidetza
Bestelakoa izan da Jose Luis Diez "Txelu"ren trilogiarako bidea. Ehunmilak egin zuen lehendabizi, 2010ean. Urte bat geroago, 2011n, berriro egin zuen Edu Uriberekin eta Asier Arrietarekin taldea osatuta. Gero, lau alditan lortu zuen Goierriko Bi Handiak bukatzea (2017-2018-2019 eta 2023).
Aurtengoa izan du zazpigarren partaidetza. Bost ordu eta 21 minutuan osatu zuen Marimurumendi mendi maratoia, 88. postuan sailkatuz. Oso jende gutxik dauzkala hiru probak eginda nabarmendu du era guztietako iraupen luzeko lasterketetan parte hartzera ohitua dagoen kirolariak, eta pozik dago Ehunmilak trilogia bere curriculumera batu ahal izan duela-eta.
Lotura duten albisteak: