Ekaina bukatu aurretik hasiko dituzte King Kong zubiko bigarren faseko lanak

Barren 2024ko eka. 5a, 16:15

Deba ibaiaren gaineko pasabidea birmoldatu, eskuinaldean sarbide-arrapala bat jarri eta Urazandirako pasabidea berrituko dituzte lanen bigarren zatian.

King Kong zubiko obraren lehen fasea amaitzear dago, eta Udaletik jakinarazi dute ekainaren bigarren hamabostaldian hasiko dutela bigarren fasea. Lan horien lizitazioa Obra Construcciones Artzamendi S.A. enpresari esleitu zaio, 1.004.374,74 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne) eta 14 hilabeteko egikaritze-epearekin. Injelan SL ingeniaritzak idatzi zuen proiektu osoaren diseinua. 

 Obren bigarren fase honetan Deba ibaiaren gaineko pasabidea birmoldatu, eskuinaldean sarbide-arrapala bat jarri eta Urazandirako pasabidea berrituko dituzte. N-634 errepidearen gaineko egungo pasabidea eraistea eta ibaiaren gaineko egitura berriarekin bat egitea ere aurreikusten dute.
 
 Ondorengo etapetan, konexio-arrapala bat jarriko dute ezkerraldean eta igogailuaren goiko sarbidean, bai eta Pilarreko ikastetxe zaharraren partzelara sartzeko pasabide bat ere. 

Bizilagunek obraren diseinua eta aurrerapena ikusi ahal izateko, Udalak bi informazio-panel jarri ditu; bat zubiaren punta bakoitzean.

Lotura duten albisteak: