Martxoaren 1ean ireki zuten proiektuaren bigarren faseko obrak lizitatzeko epea, Urazandi auzoaren eta San Frantzisko kalearen arteko irisgarritasun eta konexio beharrei erantzuteko helburua duena. Deba ibaiaren gaineko egungo pasabidearen birgaitu, eta Urazandi auzora sartzeko lehen igogailuraino iritsiko den konexio-pasabide berria eraikiko dituzte. Gainera, N-634 errepidea zeharkatzen duen pasabide zaharra eta horri lotutako ibaiaren ezkerraldean dagoen arrapala eraitsiko dituzte. Esleipen-prozedurari buruzko informazio guztia, baita lizitazio-prozesuari buruzko xehetasun osagarriak ere, Elgoibarko Udaleko kontratatzailearen profilean kontsulta daitezke. Proposamenak aurkezteko epea datorren martxoaren 27an amaituko da.
Bigarren faseko lanetan, kendu egingo dute Deba ibai gaineko pasabidea, berria jartzeko. Lanok bukatu bitartean, bi aukera izango dituzte herritarrek orain eraikitzen ari diren igogailuraino iristeko: merkatu plaza atzeko zubitik joanda edo Maalako zubitik hasita N-634 errepidearen paraleloan dagoen bidetik bestela. Udaletik zehaztu dutenez, Mertatu Plaza atzetik abiatzen den bidean egokitzeko lanak egingo dituzte une hori iristen denerako.
Zubia berritzeko lanak zatika egiteko arrazoia herritarrei ahalik eta eragin txikiena eragitea dela zehaztu dute Udaletik.
Ingelanek diseinatu eta idatzitako proiektuaren lehen fasea gauzatzen ari dira orain. 2023ko irailean hasi zituzten lanok eta ekainerako bukatzea aurreikusten dute, hamar hilabeteko epean. Lanen lehen zati honetan, N-634 errepidearen gainean pasabide bat eraikiko dute, igogailu batekin eta eskailerekin osatuta, autobus-geltokitik sarbidea errazteko. Urbycolan, S.L. enpresa da lehen faseko lanak gauzatzen ari dena, eta lanok 991.840,96 euroko aurrekontua dute, BEZa barne.
Ondorengo etapetan, konexio-arrapala jarriko dute ezkerraldean, eta igogailuaren goiko ontziratzea, bai eta Pilarreko ikastetxe zaharraren lurzatira sartzeko pasabide bat ere.