Beteranoen artean lehen postua lortu du Iñigo Larizek kilometro bertikalen Espainiako Txapelketan

Barren 2024ko eka. 3a, 17:36

Igoera bertikalen Espainiako txapelketan irabazten duen hirugarren urrezko domina eskuratu du Iñigo Larizek Ezkarain, hirugarren hau beteranoen kategorian izan bada ere. Ainhoa Lendinezek eta Eneko Etxanizek ere hartu zute parte Euskal selekzioa ordezkatuz.

Iñigo Larizek birritan irabazi zuen kilometro bertikalen Espainiako Txapelketa senior kategorian, 2013an eta 2017an. Hirugarrengoz irabazi du orain, beteranoetan: Beterano A mailan, hain justu ere. Ezkarain jokatu dute aurten Espainiako Mendizale Federazioak antolatzen duen igoera bertikalen Espainiako Txapelketa. Senior gizonezkoetan Guillermo Ramos gailendu zen, 47 minutu eta 23 segundoko denborarekin. Alain Santamaria (47:38) eta Arnau Aranda (48:46) sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuetan. Iñigo Larizena hamaikagarren denborarik onena izan zen, irabazlearengandik 3:37ra. Elgoibartarrak 51 minutu juxtuan osatu zuen Errioxako garaiena den San Lorenzo (2.270 metro) mendira egin beharreko igoera. Bertikal "luzea eta gogorra" izan zela azaldu du eta erreferentziarik gabe aritu zela, "nire lasterketa egitera irten naiz, erritmoa hartu eta gora!". Bera animatzera joandako mendizaleei eskerrak eman dizkie. Selekzio autonomikoen arteko lehian, txapeldunorde izan zen Euskadiko selekzioa gizonezkoetan, Kataluniakoaren atzetik eta Gaztela Leoikoaren aurretik.

Beteranoak, podiumean. Arg: FEDME.

 

Lendinez: "Opari izugarria izan da"

Txindokiko kilometro bertikalean lehiatu ostean jaso zuen Ainhoa Lendinezek Euskadiko selekzioaren deia. Aurreko asteburuan Zegama-Aizkorri mendi maratoian hartu zuen parte, berak nahi bezala irten ez zitzaion arren. Joan den astea sukarrarekin pasa eta gero, azken unean erabaki zuen igoeren Espainiako txapelketan parte hartzea. Eta, ez du damurik hartutako erabakiaz: "Azken metroetan soilik sufrituta, lasterketa osoan gozatu dut. Ezustekoak ematen ditu gorputzak sarritan, eta onerakoak ere bai tarteka. Egia esan, gaurkoa opari handia izan da". Emakumezkoetan, Balear Uharteetako Isabel Calero izan zen azkarrena (57:50), ta egungo Europako txapelduna den Naiara Irigoien nafarra sailkatu zen bigarren (58:16) postuan. Silvia Lara andaluziarrak osatu zuen podiuma (59:33). Lendinez 31. postuan sailkatu zen (01:05:45). (ikus hemen Lendinezek eginiko igoeraren une bat) Taldekako sailkapenean hirugarren postua eskuratu zuen Euskadiko selekzioak. Katalunia gailendu zen, Asturiaseko selekzioaren aurretik.
Hausnarketa bat ere egin du Lendinezek, txapelketa honen izateaz, Instagramen duen kontuan. "Esan beharra daukat Euskadiren izenean lehiatu naizela. Ez Euskal Herriaren izenean. Ahizpa selekzio batean eta ni beste batean banengo bezala sentitu naiz. Hankamotz, neurri batean. Eneko Aliende gogoan daukat, aspaldi, Nafarroako ikurrina ere atera genuelako, Castello zen? Madril? iritsiko ahal da berriro. Domekan bat egin bi federazioek Euskadikoak eta Nafarroakoak, Euskal Herriko Mendi Erronka lasterketan. Garaipen txiki handi bat. Antolatzaileen hitzetan. Pausoak behar ditugu, Euskal Herria osatzeko. Espainiako lagun asko dauzkat, horietako batzuk Iruñean bizi dira, Espainian bizi balira bezala. Sekula ez dut ulertuko. Euskal Herriak zazpi lurralde". 

Eneko Etxaniz jubeniletan

Hirugarren elgoibartar batek ere hartu zuen parte Espainiako txapelketan. Jubenil gizonezkoen kategorian lehiatu zen Eneko Etxaniz bederatzigarren postuan sailkatu zen (30:25). Hiru kataluniar izan ziren azkarrenak jubeniletan: Biel Sagues izan zen azkarrena (25:33), Marti Costa bigarren (26:31) eta Albert Soler hirugarren (27:58).