Puig Campanako VI. kilometro bertikala jokatu zen atzo, azaroak 10, Alacanteko Finestrat herrian, Benidormetik hurbil. Gainera, Espainiako Mendi Federazioak antolatzen duen kilometro bertikalen txapelketa ere bazen atzokoa. Hala, Espainiako espezialista ugari batu ziren irteeran. Besteak beste, Raul Garcia Cástan eta Agusti Roc, makina bat Espainiako txapelketa irabazitakoa aurrenekoa, eta kilometro bertikalen munduko txapelduna izana bigarrengoa. Horiez gainera, 300dik gora lagunek parte hartu zuten proban. Erlojuaren eta malda pikoen aurka lehiatu ziren guztiak, banan-banan egin baitzuten kronoigoera.
•Ibilbide gogorra
Faboritoak azkenak irten ziren bitartean, Larizek erdi aldera egin zuen korrika. “Erreferentziarik gabe aritu nintzenez, nire karrera egitea beste erremediorik ez nuen izan, hau da, topera irten eta indarrak ahal nuen moduan banatu”, adierazi du. Ibilbidea gogorra iruditu zitzaion elgoibartarrari, 3,6 kilometroan 1040 metro igo zituzten-eta Finestrat herritik Puig Campana mendiaren (1.410 m.) tontorreraino. Zailtasunik handiena, baina, harri solteko tarte batean topatu zuen. “Harri solteek ez zuten erritmo egokia mantentzen lagatzen eta askotan galdu nuen pausoa”, esan du. Zailtasunak zailtasun, 39 minutu eta 26 segundoan egin zuen ibilbidea eta bera izan zen 40 minututik behera egin zuen lasterkari bakarra. Raul Garcia Cástan segoviarrak 40 minutu eta sei segundo behar izan zituen eta hark baino 16 segundo gehiago hirugarren sailkatuak, Agusti Roc katalanak.
Honenbestez, joan den ekainean Fuente De-ko kilometro bertikaleko garaipena ez zela kasualitatez lortutakoa izan berretsi du Larizek. Aitortu duenez, aurrenekoen parean ibiltzeko gai zela sinisteko balio izan zion garaipen hark. Probako errekorra ondu zuen gainera. Alabaina, bai Kantabrian eta Bai Alacanten garaipenak lortzea ezustekoa izan da Larizentzat, ez baitzuen halako mailarik emango zuenik espero. Argi dagoena da, Euskal Herritik kanpoko aurkariei eta zaletuei bere burua ezagutzera ematen ari dela.
•Denboraldiari amaiera Karakaten
Mendiko lasterketen denboraldi aparta osatu du Larizek aurten. Martxoan hasi zuen denboraldia Zuzenien Azpeitiko kilometro bertikala irabaziz eta garaipen uzta oparoaren ostean, datorren zapatuan, azaroaren 16an, jokatuko den Karakateko Igoeran emango dio amaiera mendiko lasterketa denboraldiari. Ez pentsa, baina, atseden hartzeko asmorik duenik, mendiak noiz zurituko diren desiratzen baitago eskiak jantzi eta neguko kirol probetan parte hartzeko.
∞Lotura duten albisteak:
- Anboton garaipena lortuta Bertikalen Lafuma zirkuitua irabazi du bigarrengoz Larizek (2013-10-14)
- Canfranc-eko kilometro bertikala ere Larizentzat (2013-10-02)
- Bigarren postua Larizentzat eta Maiorarentzat Uharte Arakil-Beriango Kilometro Bertikalean (2013-09-24)
- Lariz eta Maiora nagusi Collaradako kilometro bertikal bikoitzean (2013-07-08)
- Garaipena eta errekorra Iñigo Larizentzat Fuente Dé-ko kilometro bertikalean (2013-06-10)
- Iñigo Larizek irabazi du Zuzenien Mendi Lasterketa Bertikala (2013-03-04)
- Igoera bertikalen zirkuitua irabazi du Iñigo Larizek (2012-10-08)
- Bertikalen Zirkuituko liderra da Lariz, Txindokin bigarren egin ostean (2012-06-19)
- Bigarren postuan sailkatu da Iñigo Lariz Azpeitiko Zuzenien mendi lasterketa bertikalean (2012-03-05)