Mayi Mujikak irabazi du ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa

Barren 2024ko eka. 3a, 10:19

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa jokatu zuten zapatuan Leitzan, ultra distantziako Euskal Herriko Txapelketa jokoan zela. 

Inoizko partaidetzarik handiena eduki zuen 2013tik jokatzen den Euskal Herria Mendi Erronka lasterketak, 750 parte hartzaile batu baitziren Leitzako plazan, 67 kilometroko (+3.600 metro) ibilbidean lehiatzeko. Irumugarrietako gaina (1.431 metro) zuten ibilbideko zailtasun nagusienetarikoa, baina ez bakarra. 
Estreinako parte hartzea zuen arren, Mayi Mujikak erakustaldia eman zuen emakumezkoetan. Oihana Azkorbebeitia abadiñarrarekin lehia estua eduki zuen elgoibartarrak, baina Lekunberritik Ireber tontorrerako zatian hartu zion aurrea eta lehen postuan gurutzatu zuen helmuga, 7.40.08ko denborarekin. Probako errekorra ondu zuen Mujikak. Minutu eta erdira ailegatu zen helmugara Azkorbebeitia. Halere, Mendi Erronka probaren beraren baitan Irumugarrieta tontorrera egiten den kilometro bertikalean Azkorbebeitia izan zen azkarrena (1.03.01). 
Gizonezkoetan ere probako errekorra ezarri zuen irabazleak, Ander Iñarra lezoarrak; berak iaz ezarritako errekorra onduz, hain justu ere. 6.32.15ko denboran osatu zuen ibilbidea.

Euskal Herria Mendi Erronka mendi lasterketako podiuma, Leitzako plazan. Arg: antolatzaileak.


Kopa Goierriko Bi Handietan erabakiko da

Euskal Herriko Ultra Distantziako Kopan ere lehiatzen ari da Mujika, eta Koparako hirugarren proba puntuagarria izan da Leitza aldean jokatu duten Euskal Herria Mendi Erronka. Goierriko Bi Handiak proba izango da Kopako laugarren eta azken proba, uztailaren 12an. Mujika sailkapen buru iritsiko da azken probara, 306 punturekin. Hamar puntuko aldea ateratzen dio bigarren dagoen Azkorbebeitiari eta 56 puntuko aldea hirugarren dagoen Amaia Larreategiri.