Ainhoa Lendinez jarri da lider Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopan

barren.eus@elgoibarkoizarra.eus 2024ko mai. 22a, 17:32

IƱigo Lariz eta Ainhoa Lendinez Txindokiko KM Bertikala lasterketan. Arg: Emezetaklik

Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopako lehen lasterketa jokatu zuten zapatuan: Txindokiko KM Bertikala. Elgoibartar ugarik hartu zuten parte, CATT Morkaiko ordezkatuz gehienak, baina Ainhoa Lendinezek eta Iñigo Larizek eginiko igoerak nabarmendu behar da denen artean. 

Guztira 230 korrikalarik hartu zuten parte Txindokiko kilometro bertikalean. 3,6km-ko luzerako ibilbidean eta 980m-ko desnibel positiboa gainditu zuten tontorrerako bidean. Ainhoa Lendinez zazpigarren postuan sailkatu zen emakumezkoetan, baina bera izan zen azkarrena Koparako izena emandakoen artean, eta sailkapeneko lehen postuan dago, 100 punturekin. Hiru kilometro bertikalek osatzen dute aurtengo Kopa. Zegama-Aizkorri kilometro bertikala izango da Kopako bigarren proba, barikuan (maiatzak 24). Berian KM probarekin amaituko da Kopa, irailaren 22an. Lendinezek jakinarazi duenez, ez zuen Zegama-Aizkorriko bertikalean parte hartzeko asmorik, domekan egingo duten Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzekoa baita. Txindokin lortutako emaitzaren ostean, burutik pasa zaio Zegamako igoera bertikalean ere parte hartzea, baina maratoian zentratzea erabaki du.
Txindokiko proban lokatz asko topatu zutela ibilbidean azaldu du Lendinezek, eta eragin zuzena eduki zuela denboretan. "Iaz baino askoz ere denbora okerragoak egin zituzten lasterkari ia denek. Emakumezkoeta azkarrenak izan zen Naiara Irigoienek 44 minutuan egin zuen igoera eta 40an egin zuen iaz. Ni nahiko ondo moldatu nintzen ibilbide lokaztuan, eta iazkoan baino 20 bat segundo gehiago bakarrik behar izan nituen", azaldu du. 


Euskal selekzioaren deia

Txindokin erakutsitako sasoi onagatik Euskal Herriko selekzioaren deia ere jaso du Lendinezek. Espainiako Mendizale Federazioak antolatzen duen igoera bertikalen Espainiako Txapelketa jokatuko dute Valdezcaray-n, ekainaren 1ean eta 2an, eta Euskal Herriko selekzioa ordezkatuko du elgoibartarrak. Errioxako mendirik garaiena den San Lorenzo (2.270 metro) igo beharko dute.

Iñigo Larizen itzulera

Urte batzuetan lagata egon ostean, igoera bertikaletara itzuli da Iñigo Lariz, hainbat urtean modalitate honetako dominatzailea izan den kirolaria. Txindokiko kilometro bertikala aukeratu zuen itzulerarako, eta CATT Morkaiko taldeko ordezkaria 11. postuan sailkatu zen, igoera 39 minutu eta 07 segundoan eginda. Iñigo Alzola arrasatearrak irabazi zuen proba (37:14). Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopan lehiatzen ari direnen artean, baina, bosgarren postuan sailkatu zen Lariz. Oier Zubeldia dago sailkapen horretako lider, Aritz Unamuno bigarren eta Hodei Samaniegi hirugarren. CATT Morkaiko taldeko Iñaki Goenaga bederatzigarren postuan dago.

CATT Morkaikoko kide ugarik hartu zuten parte Txindokiko igoeran.

Ikus Txindokiko kilometro bertikaleko laburpen bideoa GITB-n