Sailkapen nagusiko hirugarren postura egin du gora Larizek Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikalean lortutako emaitzari esker

Barren 2024ko mai. 30a, 14:53

Zegama-Aizkorri kilometro bertikalaren hamargarren edizioa jokatu zuten aurreko barikuan. Guztira 254 parte-hartzailek egin zituzten 3 kilometroak, 1.015 metroko desnibelarekin.

Ryunosuke Omi japoniarra eta Naiara Irigoyen nafarra izan ziren azkarrenak. Ryunosukek 36 minutu eta 43 segundoan osatu zuen Iraulera arteko igoera, eta 44 minutu eta 3 segunduan Irigoyen burlatarrak.
CATT Morkaikoko bost antxitxikari lehiatu ziren espezialitateko nazioarteko mendi lasterkari onenak batzen dituen lasterketan. Iñigo Larizek lortu zuen emaitzarik onena. Hamaikagarren postuan sailkatu zen, 38:38ko denborarekin, irabazlearengandik minutu bat eta 55 segundora. Beteranoetan lehen postua lortu zuen elgoibartarrak, eta horrez gain, bigarren denborarik onena egin zuen Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Kopan lehiatzen ari direnen artean. Seigarren postuan sailkatu zen Aritz Unamuno bergararrak eskuratu zituen Koparako jokoan zeuden 100 puntuak. Bi proba jokatu ostean, -Txindokiko bertikala izan zen aurrenekoa- Unamuno dago sailkapen buru, 188 punturekin. 172 puntu ditu Oier Zubeldiak eta 156 hirugarren dagoen Iñigo Larizek. CATT Morkaikoko ordezkariei dagokionez, Iñaki Goenaga sailkapen nagusiko 7. postuan dago, 120 punturekin, Zegamako igoeran 26. postuan sailkatu ostean. Iraitz Ferreira mendaroarra 82. postuan sailkatu zen (48:25), 126. postuan Aitor Hernandez (52:22), eta 145. postuan Ximun Larrañaga (54:23). 

Probako laburpen bideoa GiTBn

Zegama Aizkorri kilometro bertikalean lehiatu ziren CATT Morkaiko trail taldeko kideak. Arg: b.art


Gazteen mailako saltakarien emaitzak

Jubenil mailan lehiatu ziren CATT Morkaiko taldeko gazteenek ere emaitza onak eskuratu zituzten Zegama-Aizkorri kilometro bertikalean. Martin Egizabal elgetarrak zazpigarren egin zuen (41:14), 11. postuan sailkatu zen Endika Aldaolea markinarra, 12. postuan Alex Bergua elgoibartarra (46:59) eta 16. postuan Unax Uzkudun aizarnazabaldarra (48:52). Emakumezkoetan laugarren postua eskuratu zuen Alazne Lozano elgetarrak, 52:50eko denbora eginda.


Lendinez, mendi maratoian

Emakumezkoetan bertikalen kopako seigarren postura jaitsi da Ainhoa Lendinez, Txindokin 100 puntu eskuratu ostean. Zegamako Bertikalean ez lehiatzea erabaki zuen, Zegama-Aizkorri mendi maratoian hartu baitzuen parte domekan. Emakumezkoen artean 54. postuan sailkatu zen mendi maratoian (6:16:26). Laura Rodriguezek ere hartu zuen parte, eta 67. postuan sailkatu zen (7:00:01)

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ainhoa Lendinez (@ainhoalendinez)