Angel Ibarluzea bolari elgoibartarra Gipuzkoako txapeldun, seigarrengoz

Barren 2024ko mai. 28a, 13:59

Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola, Gipuzkoako txapeldunorde bikoteka. Ibarluzeak irabazi du banakako titulua. Artxiboko argazkia.

Sekulako palmaresa osatzen segitzen du Angel Ibarluzea bolari elgoibartarrak. Gipuzkoako txapelketa irabazi du, seigarren aldiz. 

Bergarako San Joxepe bolatokian jokatu zuten, zapatuan, Gipuzkoako hiru txirlo bola joko txapelketaren 53. edizioko azken jardunaldia, hamargarrena. 60 bolarik hartu zuten parte eta Unai Loiolak irabazi zuen tiraldia, 5 txirlo botata. 
Sailkapen nagusiari dagokionez, lehia ezin estuagoa eduki zuten Garikoitz Rodriguezek (Asola Berri) eta Angel Ibarluzeak (San Migel A). Hiru txirloko aldearekin ailegatu zen Rodriguez azken tiraldira, baina berdintzea lortu zuen Ibarluzeak. Berdinketa hausteko tiraldian elgoibartarra gailendu zen. Bolari elgoibartarrak motel hasi zuen txapelketa, eta azken jardunaldietan bizkortu da, jardunaldiz jardunaldi sailkapenean gora eginez, 40 txirlo botata lehen postua eskuratu arte. Seigarren aldiz irabazi du Gipuzkoako txapela. Iaz hamargarren postuan sailkatu zen Ibarluzea txapelketa honetan eta bosgarren postuan 2022koan. Gipuzkoako txapela sei alditan irabazteazgainera, Euskal Herriko txapelketa ere lau alditan irabazitakoa da.
Garikoitz Rodriguez eibartarra izan da txapeldunorde (40 txirlo) eta hainbat astetan sailkapeneko liderra izan zen Santos Muñoz (Floreaga) sailkatu da hirugarren postuan, 34 txirlorekin. Unai Loiola elgoibartarra sailkatu da laugarren (33 txirlo) eta Boni Plaza (Elgeta) bosgarren, 33 txirlorekin. 

Unai Loiolak irabazi zuen txapelketako azken tiraldia, Bergaran. Irudian lehen sei sailkatuak, San Joxepeko bolatokian.


Taldeka, San Miguel nagusi

Taldekako sailkapenean San Miguel A taldea gailendu da, 146 txirlorekin, bigarren egin duen Asola Berri A taldeak baino txirlo bat gehiago. Bikotekako lehian Floreaga taldeko Santos Muñoz eta Gorka Etxaniz izan dira txapeldunak, 66 txirlorekin; eta, txapeldunorde izan dira Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola, 64 txirlo botata. 

Lehendakari Saria, Lasturren

Txapelkerari bukaera emateko, datorren zapatuan ospatuko duten Bolari Egunaren barruan, Lehendakari Txapelketa jokatuko dute Gipuzkoako txapelketan lehen 64 postuetan sailkatu dren bolariek, kanporaketa formatoan. Lasturreko bolatokian izango da, 12:00etatik aurrera. Lehiaren ostean, elkarrekin bazkalduko dute Lasturko tabernan. Bazkalostean banatuko dituzte aurtengo txapelketako sariak eta ohi duten moduan omenaldia ere egingo dute. Bixente Zulaika, Felix Gomez "Beltza" eta Mari Carmen Olabe izango dira aurtengo omenduak, hiru txirlo munduari egin dioten ekarpenagatik.