Xabier Loiolarentzat Aiastiako tiraldia eta Lander Odiaga nagusi sailkapen nagusian

Barren.eus 2023ko eka. 6a, 12:44

Zapatuan  Aiastiako bolatokian jokatu zuten tiraldiarekin amaitu dute Gipuzkoako 52. Hiru-txirlo bola joko txapelketa.

San Migel taldeko Xabier Loiolak bota zituen txirlo gehien (7) eta bolari elgoibartarra gailendu zen etxeko tiraldian. Bigarren postua ere San Migel taldeko bolari batek eskuratu zuen, Imanol Osorok, 4 txirlo botata.

Alabaina, Aiastiako tiraldia baino zerbait gehiago zegoen jokoan, Gipuzkoako txapelduna nor zen argitzea. Azken asteetan 156 bolarik hartu duten parte 11 bolatokitan jokatu dituzten jardunaldietan, eta guztietako emaitzak batuta, Soraluzeko San Andres taldearekin jokatzen duen Lander Odiaga markina-xemeindarra gailendu da, 37 txirlo botata. Duela 40 urte irabazi zuen azkenengoz txapelketa hau bolari bizkaitar batek. Pedro Gomez (Asola Berri) sailkatu da bigarren postuan, 35 txirlorekin eta Bittor Astigarraga (Asola Berri) hirugarrengoan, 33 txirlorekin. Bolari elgoibartarrei dagokionez, San Migel taldeko bost sailkatu dira aurreneko hamar postuetan: Xabier Loiola (4. postuan), Imanol Osoro (6), Jabier Osoro (7), Unai Loiola (9) eta Angel Ibarluzea (10).
Emakumeetan Aretxabaletako Isana Gorosabel da Gipuzkoako txapelduna, 20 txirlo botata, Nerea Lete taldekideak baino 10 gehiago eta Olatz Rodriguezek (Asola Berri) baino 12 txirlo gehiago.
Taldeka, Eibarko Asola Berri A taldea gailendu da, 159 txirlorekin. San Migel A taldea eta San Andres A taldea sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, 149 eta 120 txirlo botata, guztira. Bikotekako sailkapenean bi elgoibartar izan dira irabazleak, Imanol Osoro eta Xabier Loiola. Infantiletan Josu Urkia izan da bolari onena eta Ander Unamuno benjakinetan.

 • Lehendakari txapelketa eta "Pelos"i omenaldia
Txapelkerari bukaera emateko, datorren zapatuan, Lehendakari Txapelketa jokatuko dute Gipuzkoako txapelketan lehen 64 postuetan sailkatu dren bolariek, kanporaketa formatoan. Azpeitiko Garmendipeko bolatokian izango da. Tiraldiaren ostean, Kiruri jatetxean bazkalduko dute guztiek
eta Aintzane eta Mirari trikitilariek girotuko dute bazkalostea. Bukatzeko, duela urte pare bat hil zen Andres Calero "Pelos" omenduko dute. Aitortzaren ostean, Gipuzkoako txapelketako sari banaketa ekitaldia egingo dute.

2023 06 04 hiru txirlo lehendakari omenaldia pelos kartela

2023 06 04 hiru txirlo aiastia gipuzkoa txap lander odiaga

2023 06 04 hiru txirlo aiastia gipuzkoa txap jabierosoro2

2023 06 04 hiru txirlo aiastia gipuzkoa txap atz

2023 06 04 hiru txirlo aiastia gipuzkoa txap aitziber olaizola

2023 06 04 hiru txirlo aiastia gipuzkoa txap unai loiola

2023 06 04 gipuzkoa txap hirutxirlo sailkapenak

Argazkiak: Bola Jokorako Euskal Federazioa..