Txapelketako bederatzigarren tiraldia hartu zuen Idotorbeko bolatokiak, eta 61 bolari aritu ziren lehian. San Andres taldeko Jose Antonio Nuñez "Txiki'k irabazi zuen tiraldia, sei txirlo botata. Bost txirlo bota zituen bigarren egin zuen Garikoitz Rodriguezek (Asola Berri). Horri esker, sailkapen nagusiko lehen postura egin du gora Rodriguezek (38 puntu), asteetan lidergoari eutsi dion Santos Muñozi aurrea hartuz. Sailkapeneko hirugarren postuan dago orain Muñoz, 34 punturekin. Angel Ibarluzea elgoibartarrak ere aurrea hartu baitio Muñozi. San Migel taldeko bolaria bigarren dago orain, 35 punturekin. Boni Plaza da laugarrena (32) eta Unai Loiola bosgarrena (28).
Gauzak horrela, norgehiagoka bizia espero dute antolatzaileek txapelketako azken jardunaldirako. Maiatzaren 25ean jokatuko dute azkenengoa, Bergarako San Joxepe bolatokian. 17:00etan hasiko da lehia. Han erabakiko da txapela noren burura doan.
Taldekako lehian San Migel A taldea ailegatuko da sailkapen buru azken tiraldira, 124 punturekin. Gertu ditu jarraitzaileak: 122 puntu ditu Asola Berri A taldeak eta 120 Elgeta A taldeak.
Bikotekako sailkapenean ere aurrean dira bolari sanmigeldarrak. Bigarren postuan daude Angel Ibarluzea eta Xabier Loiola, eta bosgarrengoan Unai Loiola eta Aitziber Olaizola. Azken hori hirugarren postuan dago emakumezkoen sailkapen nagusian.
Idotorbeko tiraldiko sailkapena:
- Jose Antonio Nuñez (San Andres taldea) 6 txirlo
- Garikoitz Rodriguez (Asola Berri) 5 txirlo
- Pedro Goenaga (Elgeta) 4 txirlo
- Jesus Gorosabel (UDA) 4 txirlo
- Pablo Davila (Asola Berri) 4 txirlo
- Isana Gorosabel (UDA) 4 txirlo