Merkataritza eta ostalaritza bultzatzeko bonoen kanpaina berria urriaren 7an hasiko da

Itziar Arana 2020ko ira. 18a, 11:01

Urriaren 7tik aurrera merkataritzako 3.500 bono eta ostalaritzako beste 3.250 jarriko dira salmentan Elgoibarko Udalak. Merkataritza sustatzeko hirugarren “Elgoibar Bizi-bizixa” kanpaina da eta ostalaritzako “On egin” bonoen bigarrena.

Elgoibarko Udalak “Elgoibar Bizi-bizixa” (merkataritza eta zerbitzuei zuzenduta) eta “On egin” (ostalaritzari zuzenduta) bonoen kanpaina berria jarri du martxan. Zehaztu dutenez, herritarrentzako merkataritza bonoen hirugarrengo kanpaina eta ostalaritza bonoen bigarrengo kanpaina da honakoa. Merkataritza eta zerbitzuetarako 3.500 bono ipiniko dituzte salgai eta ostalaritzarako beste 3.250 bono. Urriaren 7an hasiko dira bonoak saltzen.

“Elgoibarko establezimendu txikietan koronabirusak sortu duen egoera konplexua dela eta, Udaletik tokiko sektorea suspertzen laguntzeko irtenbideak bilatzen jarraitzen dugu. Tokiko kontsumoa bultzatzen eta Elgoibarko familien ekonomia arintzen jarraitu nahi dugu. Hortaz, bonoen aurreko edizioetako arrakasta ikusita, kanpaina berri hauek abiaraztea erabaki dugu” adierazi du Ane Beitia alkateak. Azaldu duenez, Udalak 200.000 euro bideratu ditu 2020an egingo dituen kanpaina hauetara. Zehazki, maiatzean egindako lehenengo kanpaina gauzatzeko 60.000 euro inbertitu zituen, ekainean egindako bigarrenerako 57.000 euro eta urriaren 7an hasiko den hirugarren honetarako, beste 83.000 euro.
 • Non eta nola erosi bonoak
Alde batetik Bizi bizixa bonuak 50 eurokoak izango dira; Udalak 20 euro jarriko ditu, eta erosleak beste 30 euro. Pertsona bakoitzak bi bonu erosi ahal izango ditu. On eginen kasuan, aldiz, bonuak 8 eurokoak izango dira; Udalak 4 euro jarriko ditu, eta erosleak beste 4 euro. Pertsona bakoitzak hamar bonu erosi ahal izango ditu. Bonuak erosi nahi dituztenek bi eratara egin ahal izango dute:

  1. Erosketa telematikoa. Bonuak era telematikoan erosi ahal izango dira 17:00etatik aurrera, urriaren 7tik 15era, biak barne, udaleko web orrian.
  2. Aurrez aurreko erosketa. Pertsona bakoitzak bost NAN edo AIZ ekarri ahal izango ditu (agiriak jatorrizkoak izan beharko dira, edo fotokopiak edo aurretik eta atzetik agiriei egindako argazkiak). Aurrez aurreko erosketa Santa Ana kalea 2an dagoen HAZen bulegoan egingo da, urriaren 7tik 13ra, biak barne. Jendearen etorrera aurretiazko hitzorduaren bidez kontrolatuko da. Horretarako erostera joango den pertsonaren izen-abizenak eta NANa bidaliko dira whatsapp bidez. Hitzorduak urriaren 5ean eta 6an eskatuko dira, goizeko 8etatik 10etara, Udalaren webgunean eta sare sozialetan iragarriko den telefono zenbakira deituta. Urriaren 5ean, urriaren 7 eta 8ko hitzorduak emango dira; eta urriaren 6an, berriz, urriaren 9 eta 13ko hitzorduak.

 • Establezimendu, taberna eta jatetxeek izena emateko
Merkataritzako, zerbitzuetako jarduerak Elgoibar Bizi-Bizixa bonuen hirugarren edizioan edota taberna edo jatetxeak On Egin bonuen bigarren edizioan parte hartu ahal izateko irailaren 29ra arte izango dute izena emateko epea, Elgoibarko Udalaren webgunean edo Santa Ana kalea 2an dagoen HAZen bulegoan eskura egongo den inprimaki normalizatuaren bidez. Aurreko edizioan parte hartu dutenek, automatikoki sartuko dira edizio honetan, beraz, parte hartu nahi ez dutenek aurretik jakinarazi beharko dute arreta@elgoibar.eus helbidera idatziz edota 943-74 10 50 (Mirian edo Iratxe) telefonora deituz. Elgoibar Bizi-Bizixa erosketa bonuak 2020ko azaroaren 15era arte trukatu ahal izango dira eta On Egin-ekoak abenduaren 1era arte.

2020 09 18 bonoak merkataritza ostalaritza

∞Lotura duten albisteak: