Elgoibarko Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, bonoak erosteko batutako jendetza dela-eta, bihar goizean, gaur arratsaldean banatu diren 120ra arteko zenbakiak dituzten bizilagunak bertaratu ahal izango dira bakarrik. Arratsaldean bestalde, 120.zenbakitik gora dituztenen txanda izango da. Izan ere, bonoak erostera joan den jende uholdea ikusita, txanda-zenbakiak banatu behar izan dituzte antolatzaileek. Goizean ilaran egon eta 13:00etan bulegoa itxi ostean bonorik gabe etxera joan direnak arratsaldean bueltatu dira berriro, baina horietako batzuk bono gabe gelditu dira bigarren saiakeran ere. Zenbait lagun kexu ziren ez zaiela txartelean jartzen zuen txanda zenbakia errespetatu eta arratsaldean joan direnak lehenago sartu arazi dituztelako bulegora, bi ilara egon baitira aldi berean, zenbakidunentzat eta arratsaldean joandakoentzat.
• 1.200 bonotik gora egun bakarrean
Gaur goizean 735 bono banatu dituzte, eta arratsaldean, 501. Oraindik bono asko geratzen dira saltzeko, beraz hurrengo egunetan ere eskuratzeko aukera izango dela nabarmendu dute udal arduradunek. Guztira, 4.000 bono atera ditu Udalak kanpaina honetan, bakoitza 15 eurokoa, eta antzerako kanpaina gehiago egiteko asmoa dute datozen asteetan eta hilabeteetan.
Kalebarren plazan dagoen lokal bat egokitu du Udalak bonoak banatzeko, hain justu ere Txankakuak bere bono kanpainetan erabiltzen duena. Txankakuakoek bi edo hiru astetan 1.000 bono inguru banatzen dituzte, baina gaurkoan, egun bakarrean, 1.236 bono banatu dituzte. Eskuak bete lan aritu dira lan horretara egon diren hiru lagun, baina ez da nahikoa izan bonoa eskuratu nahi zuten lagun guztiak asetzeko; eta kexa asko entzun behar izan dituzte. Eskatzaileak Elgoibarren erroldatuta daudela egiaztatzeak ere moteldu egin du prozesua. Lau ordu baino gehiagoan ilaran egon dela zioen herritar batek, etsita. Haserrea nabaria zen ilaran zeuden hainbat lagunengan.
∞Lotura duten albisteak:
- Kalebarrenetik Kalegoen plazara arteko ilarak sortu dira merkataritza bonoak eskuratzeko (2020-05-27)
- Merkataritza dinamizatzeko bonoak eguaztenetik aurrera jarriko dituzte salgai (2020-05-22)
- Herriko merkataritza sustatzeko bono kanpaina abian da Mendaron (2020-05-25)
- Berraktibazio plana abian jarrita milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten du Elgoibarko Udalak (2020-05-08)