Gaur agortu dira zeresana eman duen merkataritza sustatzeko lehen bono kanpainako bono guztiak. Eguaztenean hasi zuen Udalak koronabirusaren eraginez negozioak itxita eduki dituzten herriko merkatariei laguntzeko bono kanpaina, eta herritar asko gerturatu zen lehen unetik bonoak erosteko lokalera. Kalebarren plazatik Kalegoen plazara arteko jende ilarak sortu ziren lehen egunean, eta herritarren artean haserrea nagusitu zen. Udaletik esan dutenez sistema desberdinak aztertzen aritu dira kanpainarako, eta Txankakuaren sistema erabiltzea erabaki dute, “beraiek dutelako esperientzia”. Adierazi dute inork ezin zuela aurreikusi horrelako eskaera egongo zenik. Egun bakarrean 1.200 bonotik gora saldu zituzten, baina jakinarazi dute ekainaren 15etik aurrera beste bono kanpaina bat hasiko dutela, 3.000 bonokoa, eta irailean ere horrelako ekimenak antolatuko dituztela.
Elgoibarko Udalak 60.000 euro erabili ditu herriko merkataritza sustatzeko bonoen lehenengo kanpainarako. 4.000 bono inprimatu dituzte guztira. Bono bakoitzak 15 euroko prezioa izan du, eta Udalak beste 15 euro gehitu ditu; beraz, azken balioa 30 eurokoa izan da. Pertsona bakoitzak gehienez ere bi bono eskuratu ahal izan ditu, eta diru kopuru hori ekainaren 14ra arte trukatu ahal izango du (behean duzue denden zerrenda). Bonoak erosteko 14 urte beteta eduki behar ziren, eta Elgoibarren erroldatuta egotea ezinbestekoa izan da.
∞Lotura duten albisteak:
- Herriko merkataritza sustatzeko bonoen banaketarekin udal gobernuaren inprobisazioa agerian geratu dela dio EH Bilduk (2020-05-28)
-
1.236 bono banatu ditu Udalak gaur, baina banaketa egiteko moduak haserreak sortu ditu (2020-05-27)
- Kalebarrenetik Kalegoen plazara arteko ilarak sortu dira merkataritza bonoak eskuratzeko (2020-05-27)
- Merkataritza dinamizatzeko bonoak eguaztenetik aurrera jarriko dituzte salgai (2020-05-22)
- Herriko merkataritza sustatzeko bono kanpaina abian da Mendaron (2020-05-25)
- Berraktibazio plana abian jarrita milioi bat euroko inpaktu positiboa sortzea aurreikusten du Elgoibarko Udalak (2020-05-08)