Astelehenetik eguenera 19 kasu positibo atzeman dituzte Elgoibarren eta 8 Mendaron

Barren.eus 2020ko urr. 9a, 13:31

Asteon, urriaren 5etik 8ra, 19 koronabirus kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak Elgoibarren, aurreko astean baino 11 gehiago. Mendaron, berriz, 8 kasu hauteman dituzte astelehenetik eguenera eginiko PCR probetan (aurreko astean bat bera ere ez).

Elgoibarren bost korobanirus kasu hauteman zituzten atzo eta eguaztenean eginiko probetan, lau martitzenean eginikoetan eta bost astelehenekoetan. Hortaz, azken lau egunetan 19 kasu berri zenbatu dituzte. Horiei asteburuan atzemandako bederatziak gehitu behar zaizkie eta aurreko asteko 19ak. Hortaz, azken 14 egunetan 47 positibo berri zenbatu dituzte Elgoibarren. Osakidetza 100.000 biztanleko hamalau egunetan metatutako intzidentzia tasa jakinarazten hasi da -zazpi eguneko datua eman izan du orain arte-, eta Elgoibarren 405,70ean dago tasa hori. Mendarokoa 420,76koa da. 

10.000 biztanletik gorako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hiri guztien artean tasa handiena Azkoitiak du: 717,32. Debabarrenean Elgoibarkoa da tasarik altuena, biztanle gehien dituzten herrien artean, Ermuako (268,10) eta Eibarko (205,53) tasen gainetik, nabarmen. Gipuzkoako batezbestekoa 266,5ekoa da.

Era berean, I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoia Azkoitian 1,18ekoa dela adierazi du txostenean Osasun Sailak, eta beraz, kasu berrien intzidentzia tasaren joera goranzkoa da. Mendarokoa Gipuzkoako altuena da, 9koa baita eta Gipuzkoako batezbestekoa 0,98an dago.

Koronabirus kasuak, urriaren 5etik 8ra, Debabarreneko herrietan:

  • Eibar 30
  • Ermua 21
  • Elgoibar 19
  • Deba 12
  • Mendaro 8
  • Mutriku 5
  • Mallabia 1
  • Soraluze 1
  • DEBABARRENA 97

∞Lotura duten albisteak: