Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera eramango ditu bere eskaerak 24/ Plataformak

Barren.eus 2022ko aza. 14a, 20:16

24/7 Plataformatik jakinarazi dutenez, jaso dute azken hilabeteetan zain egon diren Jaurlaritzako deia. Azaroaren 21ean joango dira Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera.

"Zazpi hilabeteko itxaronaldi luzearen ostean, 24/7 Plataforma azaroaren 21ean joango da Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera, Elgoibarrek anbulatorioarekin duen arazoa azaltzera; eta, asteko zazpi egunetan, eta 24 orduz zerbitzua ematen egon behar duela eskatzera. Eta gainera, behar bezala hornituta, zerbitzua emateko beharrezkoak diren giza baliabideak eduki behar dituela eskatuko dugu", azaldu dute plataformatik.

Gogora ekarri dutenez, plataformako ordezkariak joan den martxoan joan ziren Gasteizko Legebiltzarrera Elgoibarren batu zituzten 5.501 sinadurak erregistratzeta. Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean agertzeko eskaera aurkeztu zuten Jaurlaritzan egin zuten agerraldiko egunean bertan, eta, azkenean, jaso dute erantzuna. Azaroaren 21ean joango dira plataformako ordezkariak Gasteizko ganberara. Alabaina, azaroaren 21erako eman dieten hitzordua agerraldi huts bat baino gehiago izan dadila nahi dute, eta elkarretaratze bat ere egingo dute Legebiltzarraren atarian, euren eskaerek kalean ere entzun daitezen eta oihartzuna izan dezaten. Era berean, elgoibartarren joan-etorria errazteko, 10:45ean Txankakuatik abiatuko den autobus bidaia antolatu dute. 24/7 Platasormako kideek Legebiltzarrera joango diren ordezkariei Gasteizera laguntzera, eta Ganberaren atarian egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak.

∞Lotura duten albisteak: