Anbulatorioaren zerbitzuak aurrez aurre jarri ditu EAJ eta EH Bildu

Barren.eus 2022ko mar. 11a, 11:00

Elgoibarko 24/7 Plataformak anbulatorioan 24 orduko zerbitzua berriz emateko egindako eskariaren harira herriko bi alderdi politikok beren iritziak azaldu dituzte. Plataformak aurkezpenean esan zuen ez zeukala inolako interes politikorik, baina EAJk ezker abertzalearekin lotu du eta “argi eta garbi ikusten dugu eskaera hori aitzakiatzat hartuz botoak bilatzen dituela”.

Alkateari “utzikeria leporatzen” diotela ere esan dute EAJtik, kasuan kasuko demanda osasun-agintaritza eskudunaren aurrean defendatzeko orduan, haiek nahi duten formatuan eta moduan. Era berean salatu du ezker abertzaleak neurri ezberdinak erabiltzen dituela, Elgoibarko anbulatorioaren egoera salatuz eta beste herri batzuetan isilduz. Uste dute EH Bilduk Gipuzkoan alkatetza asko izan arren, gobernatzen dituen udalerrietan ez dela eskari hori Udal-agintariengana iritsi, Elgoibarkoa baino osasun zerbitzu okerragoa badute ere; sei kilometroko gure eremuan bi ospitalek 24/7 larrialdi-zerbitzua baitute.

Anbulatorioko larrialdi zerbitzuari buruz Osoko Bilkuran onartu zuten mozioaren harira EAJk dio alkateak hartutako konpromisoa bete besterik ez duela egin: Udal-agintari modura dituen eskumenen barruan jardun, osasun-arloko aldarrikapenak despolitizatu eta sinatzaileen lekukoa jaso, kalitatezko zerbitzu eskuragarriak izaten jarraitzeko. EAJk gaineratu du alkateak Udalbatzarrean adierazi zuen bezala, oso zaila izango dela 24/7 formatura itzultzea, baina horrek ez duela esan nahi alkateak ez dionik ekingo zerbitzuaren hobekuntzari eta Covid aurreko prestakuntza berreskuratzeko konpromisoari.
Bestalde, EAJk adierazi du plataformak herriko alderdi politikoekin bilera egitea proposatu zuela baina bilerarako pausorik ez duela eman oraindik.

 • Maltzurki aritzea leporatu dio EHBilduk EAJri
EHBilduk “maltzurki” aritzea leporatu dio EAJri. 24/7 Plataformaren ekimenez, anbulatorioan 24 orduko zerbitzu bat berriro irekitzeko eskaerak 5.501 elgoibartarren babesa jaso zuen. Sinadurak “nahieran” erabili izana leporatu zion plataformak Ane Beitia alkateari, eta elgoibartarren “benetako” eskaera babestu beharrean, pandemia aurreko ordutegia berreskuratzea eskatu zuela. EAJk plataformari erantzun dio, eta erantzun horretan ezker abertzalearentzako mezua ere zabaldu du. Horren harira, EHBilduk beraien kontrako irainak salatu ditu. Alkateari eskatu diote Udalbatzan erabakitakoa betetzeko: “Alkateak bilatu behar duen helburua izan behar da herritarrek sinatutakoa eta Udaleko Osoko Bilkuran erabakitakoa: Etengabeko Arreta Gunea ahalik eta azkarren berreskuratzea. Etengabeko zerbitzua, ez EAJk asmatutako erdibideko zerbitzua”. Politikakeriatan aritzeak herritarrekiko eta Udalbatzarekiko “mespretxua” adierazten duela gaineratu dute: “Politikakeriak bide laburra du. Errealitate bakarra zera da, milaka herritarrek eskaera egin zutela eta Udalak horren aldeko erabakia hartu zuela. Eta EAJ-PNV abstenitu bazen ere, alkateak herriak erabakitakoa bete behar duela, ez bere alderdiak asmatutako beste ezer”. EHBilduk dio osasun kontuak ez direla politikarekin nahastu behar: "Antza denez, EAJ, bere itsukerian, bere ezinean, ez da konturatzen 5.501 sinatzaileen artean iritzi guztietakoak daudela, beren eskaerak guztion ona islatzen duela eta inork ez duela sinatu politika iritzitik, osasun beharretatik baizik". Azkenik, EH Bilduk konpromisoa hartu du milaka elgoibartarrek beharrezkotzat ikusten duten larrialdi zerbitzu publikoaren aldeko ekimenak babestu eta Udalbatzaren erabakiak diren bezalaxe gauza daitezen lan egiteko.