Elgoibartarrak zoriondu dituzte, eta eskerrak eman dizkiete sinatu duten guztiei eta sinadurak biltzen lagundu dieten norbanako eta establezimenduei.
24/7 plataformak Elgoibarko anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzeko eskatzeko lanean ari da, eta abenduan sinadura bilketa bat egin dute. 70 lagun ibili dira sinadurak biltzen, eta herriko dendarien, ostalarien eta hainbat enpresetako sindikatuen laguntza izan dute ekimenean, eta denei eman diete eskerrak. Horrez gain, elgoibartar guztiak zoriondu dituzte lortutako emaitzagatik: 4.000 sinadura biltzeko helburuarekin hasi zuten kanpaina, eta azkenean 5.501 sinadura lortu dituzte. Baina emaitzak baino gehiago, jendearen jarrerarekin poztu dira: "Herritar askok egin dute bat gure borrokarekin, eta Elgoibartik kanpokoek ere eman digute babesa. Izan ere, Debabarrenean Eibarko Torrekuan eta Mendaroko ospitalean soilik dago martxan larrialdi zerbitzua, eta beste herri askotan ere zerbait egiteko beharra ikusi dute". Herritarrak egoera honekin "haserre" daudela nabarmendu dute, eta beraien ustez, koronabirusaren pandemia aitzaki bat baino ez da izan osasungintza publikoan murrizketak egiteko. "Gurean orain dela hamar urte hasi ziren murrizketekin, eta orduan prestutatutako plan bat jarraitu dute, larrialdi zerbitzua erabat ezabatu duten arte".
Gaurgeroa Duintasunak orain dela urtebete mozio bat aurkeztu zuen Udalean egoera hau salatuz eta Elgoibarko anbulatorioko zerbitzua lehengora itzultzeko eskatuz, baina orduan ez zuen aurrera egin mozioak. Eskaera bera egin zioten arartekoari, eta oso ondo hartu zituztela azaldu dute, baina oraindik erantzunaren zain daude: "Ondo hartu gintuzten, baina badirudi ez dutela ezer egin". Hortaz, bigarren mozio bat aurkeztu dute Udalean Elkarrekin-Podemos alderdiaren bitartez, eta oraingoan aurrera egin du mozioak Elkarrekin-Podemos eta EHBilduren aldeko botoekin. EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren.
Herritarrek emandako babesak indarra eman diela nabarmendu dute, eta lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, Elgoibarko anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta 24 orduz zabaltzea lortu arte. Orain 5.501 sinadura horiek Osakidetzara zein modutan eramango dituzten aztertuko dute.