"Gu eskari nagusi batekin gatoz hona, elgoibartarren gehiengo zabal batek bere egiten duena: anbulatorioaren ordutegia zabaldu, asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 orduetan. Larrialdietarako PAC zerbitzua berreskuratu. Sendagile eta erizain nahikoa jarri, beraien lana ondo egin ahal izan dezaten. Hori da eskatzen ari garena, beste ezer ez. Gure eskaera ez da kimera bat, ez da utopia bat. Elgoibarren hori izan dugu duela urte batzuk arte, Osakidetzako eta Jaurlaritzako agintariak murrizketak egiten hasi ziren arte", azaldu zien Andoni Segundok legebiltzarkideei. 24/7 Plataformaren nondik norakoen berri eman zien, zein ordezkatzen duten argi izan zezaten. "24/7 Plataformaren barruan Elgoibarko hainbat gizarte eta ekonomia eragile gaude, sindikatuak, pentsionistak, ostalariak, merkatariak... Eragile soil bat baino gehiago gaude hemen ordezkatuta. Eta hori baino garrantzitsuagoa dena: gaur hemen Elgoibarko 5.501 herritarren izenean hitz egiten gaude", esan zien 2021eko amaieran egin zuten sinadura bilketa kanpaina aipatuz. Jakinarazi zieten, hamazortzi urtetik gorako elgoibartarren %60 baino gehiagok sinatu zutela "anbulatorioaren egoera eta egindako murrizketak salatzeko eta konponbideak exijitzeko" eginiko kanpainan.
Agerraldia zazpi hilabetez atzeratu izana ere leporatu zien Segundok. "Duela zazpi hilabete baino gehiago aurkeztu genuen Osasun Batzorde honetan agerraldia egiteko eskaera. Gutaz ahaztu zinetela ere pentsatu genuen. Elgoibartar askok eta askok horixe bera esaten ziguten, ea gutaz ahaztu zineten. Kostata, baina hemen gaude", adierazi zien. Atzerapenagatik barkamena eskatu zuten politikariek. (Andoni Segundoren agerraldia bideoan)
Osasun Batzordeko bost kidek entzun zituzten plataformakoek esandakoak, honakoek: Laura Garrido Knörr (ETP-C Talde Parlamentarioa), Jon Hernández Hidalgo (EP-IU TP), Ekain Rico Lezama (SV-ES TP), Rebeka Ubera Aranzeta, (EH Bildu TP), Estibaliz Larrauri Aranguren (EA-NV TP). Plataformakoen aldarrikapenak entzun eta gero, legebiltzarkideek ere hartu zuten hitza, banan banan eta bi txandatan. Bideoan ikus dezakezue bakoitzaren parte hartzea.
- Laura Garridoren hitzaldia bideoan
- Jon Hernandezen hitzaldia bideoan: lehen txanda eta bigarrena
- Ekain Ricoren hitzaldia bideoan
- Rebeka Uberaren hitzaldia bideoan: lehen txanda eta bigarrena
- Estibaliz Larrauriren hitzaldia bideoan: lehen txanda eta bigarrena
Ordezkari politikoek esandako zenbait gauzari kontra ere egin zien Andoni Segundok gero, bere bigarren txandan (ikus bideoan). Besteak beste, anbulatorioko osasun zerbitzuarekin Elgoibarren dauden arazoak ez direla pandemiaren ondorioz sortu esan zuen legebiltzarkide batek baino gehiagok aipatu baitzuten pandemia. "Areagotu bai, baina askoz aurreragotik datorren arazoa da hau, eta pandemia aitzakia perfektua izan da", azaldu zuen. Plataformako kideek zerbitzuak 2010etik izan duen bilakaeraren berri eman zuten batzordean, hainbat daturekin lagunduta. Zerbitzuak jasan duena murrizketa ala egokitzapena izan den ere eztabaidagai izan zuten plataformako kideek eta zenbait ordezkari politikok. Plataformakoek elgoibartarrak bigarren mailako herritarrak sentitzen direla esan zuten agerraldian. "Gure-gurea den oinarrizko eskubide bat lapurtzen ari zaigula ikusten dugu. Osasuna, osasun sistema publiko eta unibertsala lapurtzen ari zaizkigula ikusten dugu. Guk gure obligazioak betetzen ditugu, gure zergak ordaintzen ditugu, eta egun batetik bestera, norbaitek bulego ilun batean erabaki du gure anbulatorioan murrizketak egitea. Inolako azalpenik eman gabe eta inolako justifikaziorik gabe"
Batzordekideek plataformakoak zoriondu zituzten amaieran, arazoa legebiltzarreraino eramateko hartutako lanagatik, eta herritarren sinadurak batzeko eginiko ahaleginagatik. "Egiten ari zareten lana lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dugu agerraldi honetan", adierazi zuten, eta osasun eskubidearen defentsan diharduten herritar konprometituak direla esan zieten.
Amaitzeko, aholku bat eman zien Segundok herritarren ordezkari politikoei. "Entzun ondo elgoibartarrak eskatzen ari garena. Anbulatorioa asteko zazpi egunetan eta egunaren 24 orduetan zabalik egotea eskatzen ari gara. Larrialdi zerbitzua berreskuratzea eskatzen ari gara. Duela 12 urte geneukan egoerara bueltatzea eskatzen ari gara. Gure zergen bidez ordaintzen duguna osasun sistema publikora behar bezala bideratzea eskatzen ari gara. Anbulatorioa medikuz eta sendagilez ondo hornitua egotea eskatzen ari gara. Beste modu batera esanda, Elgoibarren osasun arreta duina eskatzen ari gara. Eta hemen aholkua: Elgoibarren anbulatorio berria eraikiko duzuenaren promesak ez du jendearen haserrea baretzea lortu; oraindik eta haserretuago daudela esango nuke. Berriro diotsuet: entzun eta aditu elgoibartarrek, eta euskal herritarrek oro har, esaten dizuetena. Eskatzen ari garena oinarrizko eskubide bat zaintzea eta babestea da. Eskatzen ari garena bizi kalitatea zaintzea eta babestea da. Eskatzen ari garena osasun sistema publiko duina da, osasun arreta duina da. Oinarrizko eskubideekin ez da negozioa egiten. Oinarrizko eskubideak zaindu eta babeste egiten dira. Dirua ezin da izan osasun arreta ona bermatzeko aldagaia. Zaindu Osakidetza, zaindu osasun sistema publikoa eta unibertsala. Hori da herri aurreratu bat eraikitzeko biderik zuzen eta onena".
- Irakurri osorik 24/7 Plataformakoek Legebiltzarreko agerraldian aurkeztu zuten testua -PDF-
- Agerraldia bideoan ere ikus daiteke www.legebiltzarra.eus webgunean.
∞Lotura duten albisteak:
- Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera eramango ditu bere eskaerak 24/ Plataformak (2022-11-14)
- 24/7 plataformak zapatuko mobilizazioaren balorazio positiboa egin du eta eta borrokan jarraitzera animatu ditu herritarrak (2022-11-04)
- 24/7 plataformak legebiltzarrera eraman ditu 5.501 elgoibartarren sinadurak (2022-03-23)
- 24/7 plataformak eskatu du alderdi politikoek ez eztabaidatzea anbulatorioko egoeraren harira (2022-03-16)
- Anbulatorioaren zerbitzuak aurrez aurre jarri ditu EAJ eta EH Bildu (2022-03-11)
- Anbulatorioa 24 orduz zabaltzeko eskatzeko batutako sinadurak aurkeztu dituzte Udalean (2022-02-04)
- 5.501 sinadura bildu dituzte, anbulatorioa 24 orduz zabaltzeko eskatzeko (2021-12-27)