Elgoibarrerako egin duten ‘2023-27 Gazte Emantzipazio Plana’ aurkeztu dute udal ordezkariek: Ane Beitia alkateak, Maialen Gurrutxaga Gazteria zinegotziak eta Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak. Orain aurkeztu duten plan hau parte-hartze prozesu baten emaitza dela zehaztu dute prentsa ohar bidez. Guztira 264 elgoibartarrek hartu dute parte. Horietatik 104k 18-24 urte zituzten, eta 160k 25-35 urte. Sexuaren arabera, 154 gizonezkoak ziren eta 110 emakumezkoak. Hiru parte-hartzailetik batek baino gehiagok (% 37) goi-mailako ikasketak amaituta zituen.
Ane Beitiak azpimarratu duenez, elgoibartarren emantzipazio-ibilbideak babestea da plan honen azken helburua, "herriko gazteek bizitza duin eta egokia lor dezaten gure udalerrian beren bizi-proiektua garatu ahal izateko. Non egon nahi dugu 2027an? Elgoibartar gazteek 30 urte bete baino lehen emantzipatzeko aukera izango duten puntu batean. Horretarako, beste erakunde batzuekin koordinatutako erantzuna bermatu nahi dugu, emantzipazioari laguntzeko politiketatik abiatuta: etxebizitza, enplegua, prestakuntza eta berdintasuna". Gazteen etorkizuna apustu estrategiko handienetako bat dela aditzera eman du alkateak.
Hurrengo lau urteetarako prestatu duten Gazte Emantzipazio Planak bost ardatz estrategiko ditu:
- Elgoibarren gazteen emantzipazioaren aldeko apustua indartzea, alokairurako eta alokairu babestuko sustapenerako laguntzak indartuz, emantzipatzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei eta, bereziki, emakumeei arreta berezia eskainiz. Behar bezala estaltzen ez diren premiak eta kolektiboak detektatzeko, onuradunen kopuruaren bilakaera, adinaren eta sexuaren araberako profila eta ordaintzen ari den batez besteko errentarekiko diru-sarreren maila aztertuz.
- Jenderik gabeko edo erabilera murriztuko etxebizitzak aktibatzeko programak indartzea, alokairu eskuragarriaren eskaintza bultzatzeko eta, horrela, Elgoibarko gazteen emantzipazioa errazteko (ohiko etxebizitza ez den etxebizitzaren karakterizazioa (bigarren mailakoa eta hutsa), Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmena etxebizitza hutsak alokairu eskuragarrira mobilizatzeko Bizigune Programa sendotu, etxebizitza eskuratzeko formula berritzaileen proiektu pilotuak ezarri, alokairuko etxebizitza eskuragarriaren eskaintza edukitzeak duen garrantziaz jabeei kontzientziatzeko ekintzak garatu…).
- Elgoibarko gazteen komunikazioa eta arreta hobetzea, alokairua ordaintzeko laguntza- eta prestazio-sistemetan sartzeko eta enpleguaren, prestakuntzaren edo gizarte-politikaren eremuan emantzipaziorako funtsezko baliabideak eskuratzeko informazioa eta izapideak erraztuz.
- Etxebizitzen eskaintza handitzea, etxebizitza-parkea birgaitzea sustatuz, bereziki egoera okerrenean daudenetan, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna sustatuz. Bereziki, etxebizitza huts edo gutxiegi erabiltzen diren edo egoera okerragoan dauden auzo eta eremuetan, gazteentzat etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko.
- Udaleko arloen arteko gobernantza- eta koordinazio-sistemak indartzea, bai eta beste eragile eta erakunde batzuekin ere, hala nola Eusko Jaurlaritzarekin (kalitatezko prestakuntza eta enplegua eta prestakuntza duala lortzeko programak sustatzeko ahaleginekin jarraitzea, laneratze-tasa handiekin; emakume gazteak industria-esparrura iristen laguntzeko jarduerak garatzen jarraitzea; laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboen laneratzea sustatzea).
• 89 pertsonak jaso dituzte diru-laguntzak
Ane Beitiak azaldu du Elgoibar "bereziki aktiboa" izan dela etxebizitza babestuen sustapenean, eta handia dela babes ofizialeko etxebizitza bati esker emantzipatu ahal izan diren herriko gazteen portzentaia. Era berean, gogora ekarri du Elgoibarko Udalak gazteen emantzipazioa bultzatzeko politikak ezarri dituela 2017. urteaz geroztik. Horretarako, Gaztelagun laguntza-programaren dirulaguntza osagarrien lerro bat sortu du Udalak, 18 eta 34 urte bitarteko gazteentzat, baldin eta programa horretan jasotako gehieneko diru-sarrerak gainditzen badituzte, eta 30.000 eurotik beherakoak badira. Laguntza horien bidez, azken bost urteetan, 89 pertsonak jaso dituzte hileko 250 eurora arteko laguntzak, udalerri barruan etxebizitza bat alokatu ahal izateko. Laguntzok hiru urterako epe muga dute. Era berean, Bizigune programa Elgoibarren ezarpen handia duela nabarmendu dute udal agintariek. Bizigune Etxebizitza Hutsen Programaren helburua hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da. "Programa horrek alokairu eskuragarria eskuratzeko aukera ematen die baliabide gutxien dituzten biztanleei, tartean gazteei. Gure apustua argia da, elgoibartarrek beren udalerrian bizitzeko aukera izatea nahi dugu, beren bizi-proiektua Elgoibarren aurrera eramateko, horrela herriaren etorkizuna bermatzeko, beren jendearen eta ingurunearen alde egiten duen oraina eta etorkizuna landatzea”, adierazi du Beitiak.
• Alokairu-kontratuen batez besteko errenta, 504 eurokoa
Elgoibarko etxebizitza-parkea 5.600 etxebizitza ingurukoa da. Etxebizitza nagusiak, hau da, lehen etxebizitza moduan erabiltzen denak, parkearen % 85 dira, eta datu hori oso antzerakoa da Gipuzkoako gainerako eskualdeekin alderatuta. Hortaz, parkearen %15a etxebizitza ez-ohikoak dira (bigarren mailakoak eta hutsak).
2021eko azken datu erabilgarriaren arabera, alokairu-kontratuen batez besteko errenta 504 eurokoa da, eskualdeko prezioa baino 21 euro txikiagoa, eta Gipuzkoako batez bestekoa baino 210 euro txikiagoa, Gipuzkoako alokairu-kontratuen batez besteko errenta 714 eurokoa baita.
• Batez besteko prezioa, metro koadroko 2.198 eurokoa
Elgoibarren salgai dagoen etxebizitzaren batez besteko prezioa 2.198 eurokoa da metro koadroko, Gipuzkoako batez bestekoaren "oso azpitik" (2.900 euro metro koadroko). Etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona kopuruaren datuei erreparatuta, batez beste 2,41 lagun bizi dira Elgoibarko etxebizitza bakoitzean.
Gazteen emantzipazioa zailtzen duten faktore nagusiak ere zerrendatu dituzte ordezkariek: Etxebizitzaren prezio altua da arrazoi nagusia, eta "maila txikixeago batean" lan-prekarietatea. Horien atzetik, eragina dute baita ere, alokairu librean eskainitako etxebizitzetan eskatutako hileko errenta altuak, eta baita alokairuko etxebizitzen, etxebizitza babestuen zein etxebizitza libreen eskaintza eskasak ere.
• Etxebizitza babestu gehiago alokairuan eta azalera-eskubidean
Agintariek jakinarazi dutenez, ia erabateko adostasuna dago alokairua ordaintzeko laguntzak emateko beharraren inguruan. "Alokairuen eskaintza eta prezio eskasa da gazteen emantzipazioa zailtzen duen alderdirik kritikoenetako bat". Ildo horretan, zailtasun horri nola aurre egin galdetzerakoan, % 39k prezioak zuzenean kontrolatzearen alde egiten du, eta gazteen % 47k neurri hori eta jabeak alokairuko errenta murriztera edo ez igotzera bultzatzen dituzten neurriak bateratzearen alde egiten du, hobari fiskalen truke (PFEZ, OHZ, etab.). Emantzipazioa baldintzatzen duen beste alderdia, behar bezala ordaindutako enplegu egonkorrik eza da.
Era berean, parte-hartzaileek adierazi dute nahiko luketetela laguntzak ez baleude alokairuko etxebizitza bat izatera baldintzatuta. Lagunzak lehenago eman ahal izatea (alokairu-kontratua gehienez ere bi edo hiru hilabeteko epean sinatzeko konpromisoarekin) eskatzen dute, baliabide gutxien dituzten pertsonei emantzipazioa errazteko.
Egoera okerrenean dauden etxebizitzak birgaitzeko laguntzak behar direla ere ondorioztatu dute jasotako erantzunetatik, "eta horrek batzuk laguntzen truke arrazoizko prezioan eskaintzan jartzeko aukera erraztuko luke, baita jenderik gabe egoera txarrean daudenak ere". Era berean, beharrezkoa ikusten dute kalitatezko prestakuntza, enplegua eta prestakuntza duala lortzeko programak sustatzeko ahaleginekin jarraitzea.
• Hiru gaztetik bi emantzipatu gabe daude Elgoibarren
Elgoibarko biztanleria hazi egin da XXI. mendea hasi zenetik: %8 egin du gora, hau da, hazkunde erritmoa Euskadik izan duenaren bikoitza izan da Elgoibarren. "Hala eta guztiz ere, Elgoibarren Euskadi osoan ikusten diren joera demografikoak ematen ari dira: gero eta pertsona gutxiago etxe bakoitzeko (familien batez besteko tamaina 2,4 pertsonakoa da) eta biztanleriaren zahartze-prozesua.
Erroldaren azterketaren arabera, Elgoibarren 18 eta 34 urte bitarteko 1.680 lagun daude, biztanleriaren % 14,6a. 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 32 emantzipatuta daude, hau da, hiru gaztetik bi ez daude emantzipatuta Elgoibarren. Emakume gazteen emantzipazio-tasa (% 34,8) gizonena (% 29,6) baino ehuneko 5 puntu handiagoa da. 18-23 urteko biztanleriaren % 4 baino ez dago emantzipatuta, eta 24 eta 34 urte bitarteko pertsona emantzipatuen ehunekoa % 47raino igotzen da.
Pertsona horien % 30 bakarrik emantzipatu dira, eta gainerakoak bizikidetza-unitateei dagozkie. Etxekoen unitate horien batez besteko tamaina 2,1 kidekoa da. Gazte emantzipatu horien % 17 babes ofizialeko etxebizitza batean bizi dira.
∞Lotura duten albisteak:
- Gazteen Emantzipazio Plana parte-hartze prozesu bidez osatu nahi du Elgoibarko Udalak (2022-10-04)
- Elgoibarko gazteen emantzipaziorako eskariaren eta beharren diagnostikoa egiten ari da Udala (2021-10-06)
- Bederatzi gazte elgoibartarrek jasoko dituzte etxebizitzen alokairurako dirulaguntzak (2021-07-09)
- Gazteen alokairua sustatzeko 35.000 euroko diru laguntza bideratuko du Elgoibarko Udalak (2021-04-22)
- Etxebizitzak alokatzeko laguntzak emango dizkie Udalak gazteei (2019-05-02)
- Herriko gazteen emantzipazioa errazteko 50.000 euro banatuko ditu Elgoibarko Udalak (2018-04-18)
- Elgoibarko etxebizitza hutsen kopurua ezagutzeko azterketa egingo du Udalak (2017-11-28)
- Gazteei etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak emango dizkie Elgoibarko Udalak (2017-10-27)